Irailaren 20tik azaroaren 19ra hainbat adierazpideko 57 kultur ekintza antolatu dituzte. Udalaren webgunea sustatzeko 'Esku eskura' kanpaina jarriko dute abian
Kulturaz blai jantziko da Beasain irailaren 20tik azaroaren 19ra bitartean, udalak eta herriko elkarteek osatutako Udazken Kulturala egitarauari esker. Atzo egin zuten agerraldia Beasaingo Udaleko ordezkariek eta herriko hainbat elkartek Zubimuzu plazan, «aniztasuna eta kalitatea eskaintzen duen kultur eskaintza herritarrei helarazteko».
Xabier Matarranz kultur zinegotziak adierazi zuenez, «kultura herriko txoko eta publiko mota guztiengana iristea da nahia. Eta erronka horretan ezinbesteko bidelagunak ditugu herriko kultur elkarteak». Aurten 18 kultur elkartek hartu dute parte egitarauaren osaketan: «Udalak eta kultur eragileek indarrak batu ohi ditugu herritarrei eskaintza zabal eta kalitatezkoa eskaintzeko xedearekin». Kultur adierazpide guztiei egin nahi izan diete lekua; guztira 57 ekitaldi antolatu dituzte, tartean dira hainbat berrikuntza.
Bi lehiaketa gehiago
Dagoeneko ohikoak diren lehiaketez gain, bi gehiago izango dira aurten. Batetik, 2018ko udal egutegia egiteko argazki lehiaketa antolatu dute.
Parekidetasuna Beasaingo jendartean izango da gaia eta urriaren 20ra bitartean aurkeztu ahal izango dira lanak. Oinarriak
www.beasain.eus webgunean argitaratuko dituzte. Bestetik, urriaren 24an egingo den XXVI. errezil sagar lehiaketan, sagar tarta lehiaketa ere egingo da.
Bestalde, udalak bultzatzen dituen hainbat ekintzek ere izango dute lekua. Hip Hip Urri egitarauaren barruan, esate baterako, urriaren 8an Gabiriako eta Ormaiztegiko familiekin egingo den mendi irteera dinamizatu egingo dute. Ondarearen Europako jardunal- diaren barruan, berriz, aurtengo gaia
Paisaia bizia, paisaien eraikuntza da Arriaranen
On egiñaren obaria dokumentala eskainiko dute.
Liburua eta musika
Urriaren 24an, Beasaingo Paperak bildumako 25. liburua aurkeztuko du Josetxo Zufiaurrek:
Beasaingo garai bateko ogibi-deak izenburuarekin
. Musikak ere tarte berezia izango du Udazken Kulturalean: Jazpana Festa urriaren 27an eta 28an, Tolosako abesbatza lehiaketako partaideen kontzertua,
Artxipielago ikuskizuna eta Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta. Bertso saioan, Iñaki Apalategi, Gemma Urteaga, Iker Zubeldia, Igor Elortza, Xebastian Lizaso eta Alaia Martin ariko dira.
Webgune berria indartu
Udazken Kulturalaren paperezko agendaz gain,
www.beasain. eus webguneko
Bizi atalean ere kontsultatu ahal izango dira ekitaldiak; «paperezkoan falta dena euskarri digitalean egongo delako, izan lehiaketen oinarriak, izan egitarau zabalagoa edota antzerkiaren sinopsiak». Udalak martxan jarriko duen
Esku eskura kanpainarekin bultzada eman nahi diote webguneari. «Kanpaina honetan herriko zenbait eraikin publikoetako sarreran jarriko dira tresna digitalen bidez webean sartzeko gonbita irudikatzen duten argazkiak. Irudi horietan herritar ezagunak agertuko dira».