Barazki eta fruta oso urte ona aurten
Babarrun asko, leka mardula eta ale ederrekoa, tomate eta piper ugari, sagarrak zer esanik ez. Ia aho batez entzuten da feriako saltzaileen artean aurtengoa urte emankorra deneko kontua.J oan zen asteko apartekotasunak eta oporrak atzean utzita hartu d...
Babarrun asko, leka mardula eta ale ederrekoa, tomate eta piper ugari, sagarrak zer esanik ez. Ia aho batez entzuten da feriako saltzaileen artean aurtengoa urte emankorra deneko kontua.
J oan zen asteko apartekotasunak eta oporrak atzean utzita hartu du asteazkenero-koak ohiko martxa. Ez da askotan gertatzen, hain baikor sentitzea nekazaria jasotzen ari den etekinari dagokionez. «10 urtetan, dena batuta ere, jaso ez dugun indaba jasoko dugu aurten bakarrik», eta «leka mardula eta ale ederrekoa gainera», edo «sekula etxeko tomaterekin egin dugun kontserba gehien aurten ari gara»; hala-koak bati baino gehiagori entzun diegu. Aurrera eta atzera begira dagoenik ere bada: «Aurten haritz ezkur ikaragarri dago, nik nere 80 urtetan sekula ikusi dudan gehiena, adarrak makurtzeraino», eta «esaten den moduan Ezkur urtea elur urtea baldin bada, aurten elurrak tapatuko gaitu», Zeraingo eta Mutiloako Barnaola eta Mendizabal asteroko feria lagun finei entzuna da, berriz.Fruta arbolak ere gustura daude nonbait, aran eta muxika asko izan da eta sagar eta udare zer esanik ez. Atzoz geroztik, garaia bukatu arte, plazara astero etorriko den Idiazabalgo Amaia Alkortaren postua lekuko. Hamaika mota ekarri zituen: udaretan mantecosa de Ardi, konferentzia eta arkade; sagarretan etxeko gorria, izar gorri, erreineta edo errege sagar grisa eta erregina, bella de Boscoop, akane eta zabale. Gainera, sagar eta udare arteko nahasketaren itxura duen nashi izenekoa, berez Asiako jatorrikoa. Postuz postu aukera zabalagoa da: irasagarra, kiloa 2-2,5 euro artean, eta zehaztasunez izendatzea zaila gertatzen den zenbait sagar mota; izan ere, bakoitzak bere erreferentzi jakinekin bataiatuak baititu.
Hemengo lehen onddoak
Jendearen jateko eta biltzeko gose begirada jaso zuten hemengo lehen onddoek, 30 kilo pasatxo, kiloa (20-30 euroan; baina kanpokoak dira nagusi oraindik kopuruz, 200 kilo (14-28 euro kiloa). Astero erosle asko erakartzen du postu honek, bereziki kalitateko onddoa denean. Atzo ere Azkoitia, Zumaia edota Elorriotik propio etorritakoekin gurutzatu ginen. Lehen esne gorri edo niskaloa ere bazen, zizahoriekin batera, 20 euroan kiloa.
Joan zen astez geroztik eztia eskainiz Jon Etxeberria bere postuan da, mila lore eztia eskaintzen du oraingoz, hiru neurritako poteetan (320 eta 500 gramo, kilo bat), eta eskaintza handitzen joango da poliki-poliki.
Tomate eta piper kontserbak egiteko garaian sartzen ari gara. Plaza inguruan dauden fruta saltzaileek kiloka ez ezik, kaxaka ere salgai dute Najerako piperra edota udare tomatea, eta baliteke datorren astetik aurrera piper erre usaina ere sumatzea Ordiziako kaletan.