Urretxu: Elkarlana, arrakastaren giltza
[Herriz herri] Garai batean industriak indar handia izan zuen Urretxun, baina behera egin du azken urte hauetan. Jon Luqui alkateak azpimarratu du garrantzitsua izango dela lanpostuak sortzea eta herria gaztetzea
“Ikusezinak garela dirudi, nahiz eta alboan herri handiago bat izan eta 17.000 biztanleko herrigunea osatu” “Beasain-Durangorekin lotuta dago herriaren etorkizun ekonomikoa; bidaiariak hemen gelditzea nahi dugu” Jon Luqui (Urretxuko alkatea)Alkatea sinetsita dago ezinbestekoa dela Goierri garaiko gainontzeko udalekin elkarlanean aritzea. “Zumarragarekin bereziki”. Izan ere, zumarragarrek eta urretxuarrek bi herrietan egiten dute eguneroko bizitza. Urretxuko alkateak uste du “diru asko” aurreztu daitekeela elkarlanaren eskutik. “Hirigintzatik dator diru sarrera nagusietako bat, baina gazterik ez badago, nork erosiko ditu etxeak?”. Luquiren hitzetan, jarduera ekonomikoa ere “diru sarrera garrantzitsua” da. “Baina behera egin du azken urteotan. Gastuak, ordea, gero eta handiagoak dira, eta gastu sozialak gero eta pisu handiagoa du. Hainbat zerbitzu Zumarragarekin eskaini beharko genituzke, dirua aurreztu ahal izateko”. Gauza asko, dagoeneko, “elkarrekin” egiten dituztela azpimarratu du. “Baina gehiago egin beharko genituzke”. Ekonomiarekin lotuta, Abiadura Handiko Trena Urretxutik ere pasatuko da, eta Ezkion geltokia izango du. “Urretxuk eta Zumarragak trenari esker lortu dute egun duten izaera, eta ez dakit Ezkioko geltokiak zer emango digun, baina baikor baloratu behar dugula uste dut”. Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez, “egokia” dela dio alkateak. “Urte txarrak pasatu ditu udalak, baina diru apur bat badaukagu orain, eta azkenaldian egin ezin izan ditugun gauza batzuk egiten ari gara”. Giro politikoa bera ere “lasaiagoa” dela azpimarratu du Luquik. “Alderdien artean ez dago tentsiorik, eta oso lagungarria da hori. Elkarrekin lan egiten ari gara adostasunak lortzeko”. Plan Orokorra egiten ari dira orain. “Eta gure asmoa da ahalik eta adostasunik handiena lortzea. Guztion artean adostu behar dugu nolako herria nahi dugun”. Iparragirreri omenaldia Elkarlanean antolatuko dituzte herriko seme kutunaren jaiotzaren bigarren mendeurreneko ospakizunak ere. 2020an ospatuko dute Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren mendeurrena. “Gainontzeko erakundeekin harremanetan jarri gara jada, nahiz eta hurrengo legealdian ospatuko dugun mendeurrena. Denbora badaukagu, eta ideiak ere bai”. Lehenago, asteburu honetan bertan, Santa Anastasia jaiak ospatuko dituzte herrian. “Urretxun beti egoten da giro ona, eta festetan are hobea. Oso parte-hartzaileak dira festak, eta igandean, Euskal Jaietan, gure izaerarekin lotutako giroa biziko dugu. Etorri diren guztiek oso gustura egon direla diote. Gipuzkoako festarik onenetakoak dira”, amaitu du Urretxuko alkateak.