Lizarrustiko errepidea zabaldu arte mandazainen bidea izan zen Berrenoako galtzada zaharra. Nafarroa erdialdea kostaldearekin lotzen zuen. Etzi ibilaldi gidatua egingo du Atauniker elkarteak.
Berrenoako bidea Erdi Aroan eraikia da. Gizakiaren presentzia milaka urte lehenagokoa da haren inguruan, ordea. Eremu megalitikoa da, eta mitologian ipuin askoren lekua. Historiaurreko trikuharriak lekuko. Beste aditu batzuek, Erromatarrek eraikitako Asturica-Burdigala (Astorga-Bordele) bidearen garaira atzeratu dute Ataun eta Goierri zeharkatzen duen bidearen jatorria.
Nafarroako erdialdea Kantauri itsasoarekin lotzen zuen, Erdi Aroan —lehen aipamen dokumentala 1208koa da—. Ataungo Ergoenetik Sakanara, eta Urbasa igota Lizarraraino iristen zen. Oinarrizko komunikazio-sareko parte zen, antzina, Bakedanoko mendatean Erriberako bidearekin bat egiten zuelako.
Meditarrenoko eta Kantaurialdeko ur isurialdeen muga da, bestetik, Berrenoa (824m). «Kontrabandorako askotan erabilitakoa da», azaldu du Ataunikerreko Jexux Aizpuruak.
Bilgune funtzioa izaten zuten lehenago mendiek. Baita Berrenoak ere. Goiko zabalguneari Dantzaleku deitzen zaio. Ekainaren 29an, San Pedro ermitako (Urdiain-Altsasu) erromerian izandako gazteek, itzuleran han dantza egiten zuten.
GR-12, Donejakue bidea…
Euskal Herriko mendi ibilbide luzeen mapan, GR-12 bidea igarotzen da gaur egun Berrenoako bidetik. Donejakue Bidea ere bazen, nafar aldean, Iturmendiko Santa Marina ermitaren adbokazioak iradokitzen duen bezala.
Lizarrustiko errepidea zabaldu arte (1883-1884), Ataungo bide printzipala zen.
Atauniker elkarteak, Berre-noako galtzada zaharraren bila ibilaldi gidatua egingo du, larunbatean. Kaxetatik (Jauregiberri) abiatuko dira oinez, 08:30ean, 4,5 orduko txangoa egiteko. Lineako autobusa 08:20an har daiteke, San Martingo plazan.