Udaleko Ongizate batzordeko kideek irakurriko dute aurten pregoia eta jai hasierako suziria bota. Berrinkuntzen artean, larunbatean egingo den batukada tailerra dago
Itsasondon bihartik igandera ospatuko dituzte herriko jaiak. Aurretik, Andre Mari jaiak ospatu ohi zituzten, abuztuan, baina herritar gehienak oporretan joan eta ohitura hari eusten zioten bakarrak adineko jendea baino ez zela ikusirik, orain dela 17 urte herriko festak irailera pasatzea erabaki zuten.
Festa Batzordea aspalditik ari da lanean beste behin ere egitarau polita prestatzeko. «Maia-tzean hasi ginen bilerak egiten» argitu dute Marijo Jauregik eta Rosi Noguerak. Jai batzordeko bi kideak «gogotsu» daude ostirala iritsi eta festari hasiera emateko, «nahiz eta egun horietan ere lan egitea» tokatuko zaien.
Itsasondo bezalako herri batean jaiak osasuntsu mantentzeko, «herritar guztien parte hartzea oso garrantzitsua» dela nabarmendu dute; «udaletik hasita, herritar guztien laguntza behar-beharrezkoa da jaiak antolatzeko eta jaiek arrakasta izan dezaten».
Egitarau betea
Gainean diren festetarako, ohiko egitaraua prestatu du festa batzordeak, berrikuntzaren bat edo beste tartean. Ostiralean txupinazoa eta Ijitoaren jaitsiera egingo dituzte. Pregoia, Ongizate batzordeak irakurriko du. 21:00ak aldera herri afaria egingo dute. 160 bat txartel saldu dituzte, hortaz, jende asko elkartuko da lehenengo festa egunean. Jai batzordeko kideek adierazi bezala, «jendea gogo handiz atera ohi dalehenengo egunetik». Asteburu bateko festak dira eta «topera aprobetxatu nahi izaten du jendeak».
Herriko txikienen artean arrakasta handia izan ohi duen zinta karrera ere ostiralean izango da. «Galdu ezin daitekeen ekintza» dela diote Jauregik eta Noguerak, «betidanik oso harrera ona izan duen zerbait baita».
Larunbatean paella jana egingo dute. 11 taldek eman dute izena, paella onenaren lehian. Mozorrotuen eguna ere izango da larunbata, dantza lehiaketa eta guzti. Igandean, berriz, sagardo dastaketarekin bukatuko dute egitaraua, iluntzean.
Berrikuntzak
Azken urteetan Itsasondoko festetako egitarauak aldaketa handirik ez du izan. Dena den, urtero saiatzen da festa batzordea berrikuntzaren bat edo beste sartzen. Nobedade izango da aurten, larunbatean 17:00etan burutuko den batukada tailerra.
Azkenik, festa batzordeak, «herritar guztiei eta ingurukoei festetan ongi pasatzeko gonbitea luzatu» die.