Jon Enrique alkateak dioenez, «zabor-bilketa sistema berean hobekuntzak egitea dute helburu». Errefusa jasotzeko edukiontzi grisa itxita egongo da, txartela beharko da
Ormaiztegin aldaketak egingo dituzte zaborra biltzeko moduan. Jon Enrique alkateak azaldu duenez, «sistema bera erabiliko dugu baina aldaketa batzuk eginda». Hain justu, errefusa jasotzeko erabili dituzten zintzilikarioak kenduko dituzte eta edukiontzi grisa jarriko dute urriaren 3tik aurrera.
Enriquek aldaketa «sistema hobetzeko» dela dio: «Goierrin gehien birziklatzen duen herria gara, baina sistemak badu zer hobetu eta horregatik datoz aldaketak». Zer hobetu horri dagokionean, garbitasunari eta itxurari egin die azpimarra, «Ormaiztegi zenbait puntutan garbiagoa agertzea nahi dugu». Ontzien ordez poltsak zintzilikatu dituztenak badirela edota astebetez ontzia zintzilikatuta eduki dutenak badirela esan du alkateak garbitasunari dagokionez zintzilikarioek sortu dituzten arazoak azaltzeko.
Grisa astelehenetan
Orain aldaketen gaineko informazio kanpaina abian jarri dute, «sistema ongi ezagutzen ez dutenekin» hasi direla esan du alkateak. Hondakinak, orain arte bezala, bereizita sartu beharko dira edukiontzietan: beira iglu berdean, papera eta kartoia edukiontzi urdinean, ontziak edukiontzi horian eta organikoa edukiontzi marroian; marroia itxita egongo da eta irekitzeko giltza erabili beharko da. Edukiontzi gris berria ere itxita egongo da eta bertan errefusa sartu beharko da. Edukiontzia irekitzeko, poltsa konpostagarriak jasotzeko erabiltzen den txartela baliatu beharko da. Edukiontzi grisa aste- lehenetan soilik ireki ahal izango da, 24 orduz.
Txartelik ez duenak Ormaiztegiko udaletxean jaso beharko du. Edozein zalantza argitzeko telefono zenbakia 943 16 15 55 da eta 08:00etatik 15:00etara deitu daiteke.
Ormaiztegiko birziklatze datuak Goierrin kokatuta
Ormaiztegiko bizilagunek birziklatzera bidaltzen duten ehunekoa altua da Goierriko beste herriekin alderatuta. Sortzen duten zaborraren %88 birziklatzen da eta zabortegira doan errefusa %12 baino ez da.
Goierriko datuei begiratuta, Zumarragak ditu daturik okerrenak, birziklatze datua %67 baita. Ordizia eta Beasain bezalako beste herri handietan tasa %77 eta %75ekoa da hurrenez-hurren. Herri txikiek datu hobeak izan ohi dituzte eta Ataunek, adibidez, %79ko birziklatze tasa dauka.
Ormaiztegin bio-hondakinak dira gehien jasotzen direnak, alegia, edukiontzi marroiari dagozkionak. Kopuru osoaren %27 birziklatzen dute bertan.