GUTUNA – Angel Irigoras. Senide fusilatu eta herritar batzuen izenean (Zegama).
Irailaren 22an 81 urte beteko dira Zegamako Eugenio Echeverria frankista-faxistek fusilatu zutela Tolosan; irailaren 23an, Gregorio Sarasola fusilatu zutela; egun berean, Otsaurteko mikelete-maisua zen Zelestino Azurmendi fusilatu zutela… 1944ko urriaren 25ean Aratz mendian, estatuaren indar armatuaek tiroz hil eta Zegamako kanposantuan lurperatu zuten (X) Sanchez Cordero, makia…
81 urte geroago, dagoeneko bi urte luze pasa direnean Zegamako udalak batzuen oroimenez ‘oroimenaren txokoa’ inauguratu zuenetik (2015-06-07), bi aldiz (hitzez, dokumentatuta… 2015ean eta idatziz, 2016ko martxoan) udalari eskaera egina diogu gure herritar, senide edo gure herrian fusilatu ondoren lurperatu hauek ere Zegamako Udalak errekonozitu ditzan.
Dagoeneko beste administrazio edo instituzio batzuek gure herritar hauek errekonozituak dituzte frankistek fusilatuak bezala: Tolosa, Olazti eta Legazpiko udalek, Euskal Memoria Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Nafarroako diputazioek. Zergatik Zegamako batzuentzat omenaldiak, kale-izenak, oroitarriak eta besteentzat, aldiz, ahanztura? Lerro hauen bidez gure herritar hauek gogoratu ez ezik, errekonozimendua, oroimena, egia, justizia eta erreparazioa eskatu nahi dugu, eta frankismoaren biktima guztiei gure aitortzarik sentikorrena eskaini; irailaren 23an, eguerdiko 12:00etan, Zegamako kanposantura bertaratuko garenok egingo dugun moduan.
Bitartean, gure aldetik, memoriaren bidean egia helburu, agur eta ohore, lau fusilatuoi ez ezik 81 urte eta gero konpondu gabe dugun arazo politikoak eragindako biktima guztiei ere.
– Angel Irigoras. Senide fusilatu eta herritar batzuen izenean (Zegama).