Emakumezkoen parte hartzea bultzatzeko asmoarekin, taldean aurkezten direnei afaria oparituko zaie. Ramon Petreñas eta Roberto Ruiz oroitzeko minutu bateko isilunea egingo dute
Igande honetan jokatuko da Josetxo Imaz memorialaren XVII. edizioa, Ordiziako Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. atletismo proba herrikoi honek Lazkao, Beasain eta Ordizia igaroko ditu 10 kilometroko ibilbidean.
Ordiziako Altamira estadiotik aterako dira lasterkariak 11:00etan eta helmuga ere hantxe izango da. Antolakuntzak eguraldi ona egitea eta horrek korrikalariak parte hartzera animatuko dituela espero du.
Parte hartzaileen artean, distantzian espezialistak diren marokoarrak espero ditu antolakuntzak. Gizonezkoetan iazko proba irabazi zuen El Hassan Oubbadik igandean irteera puntuan izango dela baieztatu du. Joan den urteko emakumez-koen arteko irabazleak, Elena Loyok, aurten ere parte hartuko duela esan du.
Parte hartu ahal izateko izen-emate epea larunbatera arte egongo da irekita
www.kirolprobak.com webgunean. Igandean bertan lasterketaren irteera puntuan ere izena eman ahalko da.
Emakumezkoei deia
Beste kirol proba askotan gertatzen den bezala, Josetxo Imaz memorialean ere faltan botatzen dute emakumezkoen presentzia handiagoa. Angel Perez antolakuntzako kideak esandakoaren arabera, «nahiz eta Goierrin korrikan aritzen den emakumezko ugari egon, ez dira horrelako probetan parte hartzera animatzen».
Horri irtenbidea bilatu nahian, taldeka aurkezten diren emakumeei, Ordiziako jatetxe batean afari bat oparituko zaie, parte hartzea handitzeko helburuarekin.
Bestalde, berrikuntza gehiago ere izango da aurtengo edizioan. Lasterketaren antolakuntzak ‘erbiak’ jarriko ditu proba denbora zehatz batean amaitu nahi dutenentzat.
Omenaldiak
Igandean, lasterketa abiatu aurretik, Josetxo Imaz memorialarekin lotura estua izan duten bi pertsona omenduko dituzte: Roberto Ruiz (Gasteiz) eta Jose Ramon Petreñas (Arrasate). Ruizek 2003an memoriala irabazi zuen eta abuztuan zendu zen, bizikleta istripu batean. Petreñas, berriz, federazioko epailea zen eta Ordiziako atletismo probak gertutik bizi izan ditu urte askoan. Proba hasi aurretik, minutu bateko isilunea egingo da bien omenez.