Nekazaritza feria, sagardo edate eta dantzariekin, festa Lazkaon
Basherri Egunaren 6. ekitaldia igandean da, ganadu erakusketa eta guzti. Sagardo dastaketan 18 etxetako edaria banatuko dute, bihar. Jundajo eta Oin-Arin, plazaraSan Migel aurrea geroz eta mamitsuagoa bihurtzen ari da, Lazkaon. Festa-herrikoia ostirale...
Basherri Egunaren 6. ekitaldia igandean da, ganadu erakusketa eta guzti. Sagardo dastaketan 18 etxetako edaria banatuko dute, bihar. Jundajo eta Oin-Arin, plazara
San Migel aurrea geroz eta mamitsuagoa bihurtzen ari da, Lazkaon. Festa-herrikoia ostiralean ospatuko bada ere, asteburu honetan ekitaldiak izango dira, elkarte eta talde ugarik antolatuta. Lazkaoko nekazaritzaren erakusgarri den Basherri Eguna ere igandean da, seigarren aldiz.Ohitura den bezala, herriko baserrietako aziendak erakusteko atonduko dute plaza, etzi. Feria 09:00etatik 14:00etara garatuko da. Abelburu, zaldi-behor, oilo, ahuntz eta ardi, esparruka bereizita jarriko dituzte taldeak.
Baserriko produktuen azoka ere ipiniko dute, plazako aterpean. Barazkiak, txerrikiak, behi-esnea, ogia, zekaleak eta gazta erosteko modua izango da, han.
Eraskuketei dagokienez, eskala txikian egindako baserriko lanabesak dira aurten berritasun. Enparandegi baserriko Juan Joxe Garinek egin ditu, bere eskuz eta artez, zura eta burdina erabilita. Basherri Eguna lehendabiziko aldiz 2012an ospatu zenetik, urtero landu eta erakutsi izan dute baserriarekin lotutako gairen bat, plazan.
Giroa jartzen Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariak ibiliko dira. Sukaldaririk ez da ariko aurten, zuzenean lanean. Haren ordez, ikastolako ikasleek salda banatuko dute, eta hirugiharre nahiz txorizo pintxoak bertan prestatuko dituzte. Bildutako dirua, haientzat izango da.
Ferian erosten dutenei zozketarako txartelak banatuko dizkiete, aldi berean. Jakiz beteriko bi saskikada zotz egingo dituzte, 13:30a aldera.
Sagardo dastaketa, bihar
San Migelen aurreko asteburuko beste ekitaldi jendetsu bat, sagardo probaketarena, bihar arratsean izango da, plazan, 19:00etan hasita. 25. ekitaldia izango du. Udalak Gipuzkoako 18 sagardotegitako sagardoak ekarri ditu, bakoitzetik hiruna kaxa, 600 bat botila guztira; Lazkaoko elkarteak arduratuko dira jendeari sagardoa ateratzeaz; 440 bat litro banatuko dira.
Edanari laguntzeko, Lazkaoko Talogileak lanean ariko dira, plazan bertan. Taloak, bere osagai guztiekin, salduko dituzte. Jundajo txarangak alaituko du.
Bestetik, San Migel eguneko (ostirala, irailak 29) herri afarirako txartelak, plazako frontoiko mahaietan lekua erreserbatzeko, asteazkenean banatuko dituzte. Udaletxean hartu behar dira, 09:00etatik aurrera. Txartelak zenbakidunak dira.