Odolki dastaketa gidatua egingo dute urriaren 7ko azokan
Beasaingo odolkiaren lehiaketaren harira urtero izaten dira esamesak irabazlearen inguruan, beti betikoak irabazten duela eta abar. Esamesak uxatze aldera, Odolkiaren kofradiak, Beasaingo Udalak eta Plazape tabernak odolkiaren dastaketa gidatua antol...
Dastaketa gidatuarekin epaile bihurtuko dira herritarrak Loinazko San Martin plaza azpian, herriko sukaldari batek gidatuta. Odolkiaren kofradiako Martin Urkiolak aurreratu duenez, odolki lehiaketan epaimahaikideek egiten duten bezala egingo dute dastaketa gidatua: «Hainbat odolki ekarriko ditugu eta guztiak dastatuko dituzte, lehiaketan bezala, norenak diren jakin gabe. Odolki bakoitzari puntuazioa emango diete». Bukaeran puntu guztiak batuko dituzte onena zein den jakiteko; «baina ez dugu publiko egingo nork irabazi duen», zehaztu du.
Dastaketa irekia
Dastaketa irekia da, doakoa, baina izena eman behar da astelehenetik aurrera Plazape tabernan. Harakinak ere gonbidatu nahi dituzte dastaketa gidatura, «beraiek ere ikusteko nola neurtzen diren odolkiak». Larunbateko azokan egiten den legez, urriaren 7ko pintxoa odolkia izango da, Plazape tabernakoek prestatuta. Urkiolak zehaztu duenez, «epaimahaian ez daudenek ere desberdintasunak ezagutzeko aukera izango dute».
Lehiaketa azaroan 4an
Beasaingo odolki lehiaketa azaroaren 4an jokatuko da. Hilabeteko lehenengo larunbata izaki, azaroko larunbateko azoka berezia Gernika pasealekuan egingo da, odolki lehiaketarekin bat eginez. Azkeneko hiru urteetan bezala, haurren odolki pintxo lehiaketa ere jokatuko da.