Angel Irigoras 'Kaleko'-k idatzi du. Aurkezpen ekitaldia bihar izango da. Udalaren errekonozimendua jaso ez duten lau hildako omenduko dituzte hilerrian
Angel Irigoras
Kaleko zegamarrak
Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk (II). Indarkeria politikoaren eragina zegamarrongan 1936-2016 liburua aurkeztuko du bihar. Ekitaldia 11:00etan izango da, Anduetza parketxean. Ondoren, 12:00etan, oroimen ekitaldia egingo dute herriko hilerrian.
Ekitaldiaren helburuetako bat udalak oraindik aitortu ez dituen lau biktimari 2015ean inauguratu zen Oroimenaren Txo-koan tokia egitea da.
Lau biktima horiek Eugenio Etxeberria, Gregorio Sarasola, Zelestino Azurmendi eta Jose Sanchez Cordero dira. Etxeberria Zegamako Idiakaitz-Goenan jaio zen eta frankistek Tolosan fusilatu zuten. Sarasola Galzadamakurran jaio zen eta Ormaiztegin fusilatu zuten. Azurmendik, berriz, mikelete eta maisu lanak egiten zituen Otsaurten eta Aizpurutxoko Larregi harrobian fusilatu zuten. Bukatzeko, Sanchez Cordero makia zen eta 1944an tiroz hil zuten Aratzen. Zegaman dago lurperatua.
Irigorasen lanak
Irigoras ezker abertzaleko kidea da eta berak ere errepresioa jasan du, hainbat aldiz atxilotu baitute. LABen antolaketan parte hartu zuen.
Azken urteetan memoria historikoaren inguruko lanak egin ditu: herriko artzainak, papertegia, eskolari buruzkoa, herriaren historia…
1936ko gerrari buruzko lan bat egin zuenean, errepublikaren aldeko zeuden hamar herritar fusilatu zituztela ikusi zuen. Biktima horiei Oroimenaren Txokoa eskaini zitzaien, baina orain beste lauren berri izan du eta horiei ere bertan tokia egitea nahi du. «Udaletxean idatzi bat aurkeztu nuen, baina askotan nork aurkezten duen zer aurkezten duen baino garrantzitsuagoa dela dirudi. Izan ere, lau lagun hauei buruzko informazioa lortzea oso erraza da», aipatu du liburuaren egileak.
Bere helburua biktima guztien aitortza egitea da. Horretarako argitaratu du liburua. Bertan, gerra zibilaren aurrekariak, gerra zibila eta gerra ondoa jaso ditu. Azken 81 urte hauetan egondako biktima guztien izenak jasotzen saiatu da. «Elizan plaka bat egon zen, gerra garaian hildako 22 rekete gogoratuz. Egun, hilerrian dago. Horiek biktimak dira, herriko semeak dira, baina gainontzeko guztiak ere bai. Zegaman 40 hildako eta 80 atxilotu egon ziren», gogoratu du.
Zegaman jende askok sufritu duela gogoratu du. «Herritar batek 18 urte daramatza kartzelan. Hiru laurdenak beteta ditu eta etxetik gertu egon beharko litzateke, baina… Pistola batekin atxilotu zuten. Hiru ziren tal-dean eta batek Iparraldera ihes egitea lortu zuen. Han komisaldegira joan zen eta hiru urte eman ditu kartzelan. Hegoaldean Afrikatik gertuago gaude Europatik baino».
Irigorasi guztion artean egi bat bilatzea gustatuko litzaioke. «Egi bat bilatu behar dugu. Mahai baten inguruan bildu eta bakoitzak bere egia azaldu. Ondoren, guztion artean egi bateratu bat adostu beharra dugu. Biktimak denak dira, baita Bartzelonan furgoneta gidatu zutenak ere», amaitu du.