Udal gobernuaren esanetan, «behar berriek hala adierazita» etxebizitzak eremu urbanoan eraikiko dira, egungo eraikinen lerroari jarraiki. Proiektua onartu eta hitzarmena sinatzea falta da
Errekarte eremuko hirigintza proiektuari «bultzada berri bat» eman dio udal gobernuak. Azkeneko Lurralde batzordean hirigintza proiektu berria aurkeztu eta «eraikuntza lanak hasteko proiektua onartzea eta hitzarmenak sinatzea besterik ez da faltako». Egungo proiektuak duela 10 urte aurkeztutakoa du oinarri, baina «oraingo beharrei egokituta». Udalaren esanetan, «behar berriek hala adierazita», mendialdean, landa sektorean, ez da eraikiko, eta «zerbitzu eta azpiegitura guztiak eremu urbanoan eraikiko dira, gaur egungo eraikinen lerroari jarraiki, udal gobernuak eremu urbanoan eraikitzea lehenesten baitu». Udaleko ordezkariek oraindik ez dute jakinarazi zenbat etxebizitza egingo dituzten.
Etxebizitzen alokairua sustatzen jarraitzeko asmoa dute, Jaurlaritzak egun indarrean dituen programak indartuz eta sustatuz: «Horretarako udala diru laguntzen plan estrategikoa egiten aritu bada ere, ordenantza arautzeari ekingo dio aipatu programak indartzeko».
Proiektu berrian berdeguneak eta espazio desberdinak errespetatuko dira, «gehiegikeriarik egin gabe». Bestalde, Errekarte baserria eraitsi egingo dute, «interes arkeologikorik ez duenez eta ondare izendatuta» ez dagoenez. Udal gobernuaren arabera, «aurreko legealdian aurkeztu zen proiektuak, parte hartze prozesu batean oinarritutako arau subsidiarioen aldaketak eskatzen zituen, baina orduko udalbatza osoan ez zen proposamen hura aurrera atera».
EH Bildu aurka
Ildo horretan, EH Bilduk aurkako iritzia agertu du, besteak beste, «aurreko legealdian egin zen parte hartze prozesuan ateratako ondorioak ez dituelako kontuan hartzen».