Gure Esku Dagok eta Kontseiluak 'Tripontzia' urteberriko saria aurkeztu dute
Gure Esku Dago egitasmoak eta Kontseiluak Tripontzia Urteberriko Saria jarri dute martxan. Zozketa urtarrilaren 15ean izango da, eta 60.000 euroko sari nagusia eta 6.000 euroko 7 sari banatuko dituzte. Txartelak 5 euroan jarriko dituzte salgai. Jasotako dirua, Gure Esku Dago eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua finantzatzeko erabiliko dute, euskararen normalizazioa eta erabakitzeko eskubidea bideratzeko helburuarekin.
Angel Oiarbidek (GED) eta Paul Bilbaok (Kontseilua) azpimarratu dute “epe luzera begirako proiektua” dela eta “eredu berri bat” sortu nahi dutela. Izan ere, lurraldetasuna eta euskal komunitatea bere osotasunean hartzen duen formatu horretako lehen zozketa da. Ekimena “irekia eta bateratzailea” izateko helburuarekin jaio dela azaldu dute, eta aurrera begira, eragile gehiagok bat egiteko aukera zabalik dagoela.
Bada zerbait irabazteko garaia lemapean abiatuko dute kanpaina, gaurtik hasita. Egitasmoak webgune berria ere badu, eta bertan aurkitu daiteke Udaberriko Sariaren inguruko informazio osoa.