Jose Etxeberria 'Txipi'-ri esker onez
GUTUNA – Aitziber Etxezarreta (Ezkiotar askoren izenean)
Ezkiotar askok, eta arrazoi bat baino gehiagogatik, gure esker ona zor diogu zendu berria den Jose Etxeberria
Txipi-ri. Bere onena eman zuen gure Herriaren alde, eta estimatua eta maitatua izan da gure artean. Haren gizatasuna ere guztiontzat eredugarria izan da.
Herriaren aldeko lanetan udalean zinegotzi izana da, baina ez da horretara mugatzen herriarekin izan duen konpromisoa; Anduaga Elkartearen sorreran ere parte hartu zuen eta gaur egun Ezkioko eta Itsasoko abesbatza den taldearen sorreran ere aktiboki jardun zuen.
Gaur jada hain gazte ez garenok gogoan dugu Gabon egu-nean herrian kantuan ateratzen den taldearen bultzatzaile eta gidarietako bat izan genuela ia 30 urtean. Beraien seme-alabak bagina bezala zaintzen gintuzten Txipik eta Mirenek auzoko ume asko eta asko.
Geroxeago etorri zen Yartu Kultura Elkartearen sorrera. Hemen ere, hasierako bultzatzai-leetako bat izateaz gain, urte askoan aritu zen bertan, betiere herriaren alde lan egiteko prestutasuna erakutsiz.
Aurrerantzean, bere oroitzapena gure artean izango dugu eta berari egin geniezaiokeen omenaldirik onena delakoan lanean jarraituko dugu. Besarkada handi-handi bat, Miren!
– Aitziber Etxezarreta (Ezkiotar askoren izenean)