Bozketan PSE-EEk aldeko botoa eman du, Irabazi eta EH Bildu abstenitu egin dira. Salbuespenak eta berritasunak daude. Kataluniako bi mozio onartu zituzten
Iraileko osoko bilkuraren puntu nagusia 2018ko araudi fiskalen proposamenaren aurkezpena eta bozketa izan da. EAJko udal gobernuaren proposamena udal tasak eta zergak %0,75 igotzea izan zen eta osoko bilkuran PSE-EEren botoekin onartu zuten; Irabazi eta EH Bildu abstenitu egin ziren.
Igoera urteko KPIaren araberakoa izan ohi dela azaldu zuen Koldobike Olabide alkateak eta, hala egin balute, igoera %1,5 litzatekeela. Gipuzkoako Foru Aldundiak diru sail bat gordetzeko gomendioa egin zien kupoaren gaineko akordiorik egon ezean hortik tiratzeko, akordioa egon zen eta igoera %0,75ekoa izatea ahalbidetu du.
Salbuespena ibilgailuen zergaren igoera da. Klima aldaketaren kontrako borrokaren harira, zerga %1,5 igoko dute. Zakurren egoitzen tasaren igoera %0,90 izango da, «zerbitzuaren kostuarekin bateratzeko», Olabideren hitzetan.
Zaborren gaineko tasari %0,75eko igoera aplikatuko diote, baina harategiek, oilasko-dendek eta arrandegiek ordaindu izan duten tasa jaitsi eta beste denden parean jarriko dute bertan sortzen diren hondakinak bestela jasotzen dituztelako.
Ibilgailuen irteera diren garajeei eta lokalei jaitsiera ezarri diete eta %50eko tasa aplikatuko zaie.
EAJk egindako udal tasa eta zergen araudiaren barruan lau berritasun aurkeztu zituen alkateak. Elbarritasunak dituztenen etxebizitzetan hobekuntzak eginez gero, kuotan %50eko hobaria ezarriko lituzkete, beti ere, etxebizitzan 70 urtetik gorakoak bizi badira edota elbarritasuna %33tik gorakoa bada.
Tarifa gaztea kiroldegian
Udal gobernuak kiroldegian egingo lituzke beste hiru aldaketak araudiari azken onespena emango balitzaio. Gazte gisa 26 urtera artekoak hartuko lituzkete bonua egiterakoan, baita familia bonua egiterakoan ere. Igerilekuan kale bat edo igerileku osoa alokatzeko aukera emango lukete eta soinketa-gelak alokatu ahalko lirateke.
Bozketan PSE-EEko Oscar Valbuenak aldeko botoa eman zion proposamenari igoera «neurrizkoa» dela argudiatuta. Irabaziko bozeramaileak, «lan kontuak direla-eta» araudia aztertzeko denborarik ez dutela izan, eta horregatik abstenitu zirela esan zuen. EH Bilduko Gorka Inurritegi proposamena jasotzeko moduagatik kexatu zen eta bere taldearen botoa abstentzioa izan zen.
Bestetik, gai zerrendan ez bazeuden ere, urgentziaz osoko bilkurara bi mozio ekartzeari baiezko botoa eman zioten talde guztiek PSE-EEk ezik. Kataluniako erreferendumaren gaineko bi mozio ziren. Bata EAJk, Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako adierazpen instituzionala izan zen, non, besteak beste, Kataluniako herriari autodeterminazioa egikaritzeko eskubidea aitortzen dioten. PSE-EEk salbu, denek baiezko botoa eman zioten mozioari.
Beste mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen eta Mikel Altzelai EAJrekin batera adostu ezin izanagatik penatuta agertu zen, «areago Oñatin adostea lortu dutenean». Ausartagoak izatea eskatu zien EAJkoei, izan ere, beste mozioa «urrats bat harago» doala esan zuen eta, esate baterako,
estelada igandera bitar-tean udaletxeko balkoian jartzea eskatzen du. Azkenean jeltza-leek baiezkoa botoa eman zioten bigarren mozio honi, Irabazik ere bai eta PSE-EEk, aldiz, kontrakoa.