Arri BKLko senior mutilek etzi ekingo diote denboraldi berriari
Nazional ligako lehenengo mailan jokatuko dute aurten. Lehenengo partida Valle de Egues talde nafarraren aurka dute. Hilaren 12an, 11:30ean jokatuko dute Antzizarren
Denboraldi berriarekin batera, maila estrenatuko du senior mailako Arri BKL saskibaloi taldeak, nazional ligako lehenengo maila. Nafarroan, Valle de Egues taldearen aurka jokatuko dute larunbatean, 18:00etan. Azken hiru urteetan mailaz maila gora egin du Jon Lekuonaren taldeak, baina aurten «zailagoa» ikusten du joera hori mantentzea: «Alde handia dago, mailarik onenetakoa da, hurrengoa, EBA liga da, saltoa handiagoa da. Mantentzea dugu helburua, eta partiduetan lehiakorrak iatea». Lehiakideak izango dituzten taldeen aurrean «ezjakintasuna» badute ere, denboraldia hasteko gogotsu daude beasaindarrak: «Ez dakigu zer topatuko dugun, taldeei buruzko erreferentzia gutxi daukagu. Taldeak gainera, asko aldatzen dira urte batetik bestera. Gu gogoarekin gaude, eta partidu guztietan konpetitzea nahiko genuke». Urretxuko Goierri taldea izango dute lehiakideetako bat. Hamabi jokalari Iazko taldearekin alderatuta, hiru baja (Manex Ezeiza, Gaizka Beraza eta Serguei Vaz) eta hiru alta izan dituzte; «ia-ia berdina da, bizkar hezurra berdina da». Hamabi lagunek osatzen dute taldea: Iñigo De la Hera Lasa, Jorge Misiego Torralba (Altsasutik), Unai Agirre Barreal, Gorka Peña Oiarbide, Ioritz Pozo Rodriguez (Urretxutik), Mikel Goikoetxea Gonzalez de Audicana, Iosu Matarranz Arruabarrena, Xabier Ormazabal Arruabarrena, Mikel Lakunza Huizi, Jonan Apaolaza Parga, Unai Mundiñano Araña eta Beñat Garmendia Sukia (2. taldetik igotakoa). Jon Lekuona entrenatzailearen ondoan, Mikel Gurrutxaga ariko da bigarren entrenatzaile postuan. Hilaren 12an, Antzizarren Denboraldiko etxeko lehenengo partida hilaren 12an, ostegunean, jokatuko dute 11:30ean. Hala ere, etxeko partidak larunbateetan izango dira 18:00etan.