Baskula prest dago atzotik eliza ondoko Torre etxean, arkumeen garaia hurbiltzen ari deneko marka. Kanpoko produktuen artean, orburuen eta laranjen denboraldi berria hasi da.
Urriko feriak atzo hasi ziren eta esan daiteke bi urtaroen arteko bitartekoa hauxe dela. Udako barazkiek hortxe jarraitzen dutelako oraindik, lekak esate baterako: «Landare berriak orain hasi dira ematen eta oso ugari eta ondo datoz» aipatu zigun Juanita Murgiondo mutiloarrak leka txapala eta igitai motakoei begira. Berenjena, luzoker, piper, tomate eta abar asko dago oraindik, eta udazkeneko geroz eta produktu gehiago, hala nola brokolia, azalora, romaneskoa, aza, babarrunak eta kalabaza mota ezberdinak. Ez du luzez iraungo hain hauta zabalak, eguraldiak markatuko du udakoen iraupena.
Bitxikeria moduan, Gabiriako Juanita Lazkanok tomate beltza ekarri zuen: «Alabak ekarri zuen landarea eta hara, oraintxe prest. Ze mota den zehatz ezin jakin, etiketa landareari berari erantsi nion eta euriak desegin du». Gerezi tomatearen formakoa da, na- hiz eta aleak handiagoak izan, eta oso kolore iluneko tomate polita.
Arkume garaia iragarriz
Artzaintza aldatzearekin bat arkume salmenta ere aldatu da, azken 20 urtetan bereziki eta nabarmen. Ordiziara astero artzain profesionalak etorri beharrik gabe beste era batera antolatzen dute arkume salmenta. Emango dugu prezio horien berri jakin orduko. Atzo ia marka jarri zuen Ordiziak. Inork arkumeak han saldu nahi baditu, eliza ondoko Torre etxean dagoen baskula martxan aurkituko du asteazkenean goizean goiz. Hala ere, «gureak behintzat, eta Gipuzkoako gehienak pentsatzen dut, azaro erdi aldera» hasiko direla aipatu zigun udako ferietan Ordizian gazta saltzen aritu den Ander Barandiaran Idiazabalgo artzainak.
Nafarroako orburuak
Nafarroako orburuek, Erriberakoek fama handia dute, Tuterakoek bereziki. Handik hurbil dagoen Ribaforadakoak ziren lehenik ekarritakoak. Atzo lehenak salgai ziren plaza inguruan jarri ohi diren postuetan, dozena 8 euroan.
Urte guztian ikusten badira ere, penintsulako laranja, limoi eta abarren garaia orain hasi da. Lehen laranjak 2-2,5 euroan atzo. Lehenago hasi dira mandarina (1-3) eta klementina (2-3,5). Zuzenean Valentziatik etorri ohi den Costa laranja zalea urria erditik aurrera biltzeko moduan izango dituelakoan dago.