Mondeju dastaketa egingo dute, eta Imuntzo eta Beloki ariko dira gaur. Santa Fe eguna bihar da, eta kuadrillena etzi. Zopilotes, Laket, Tximeleta eta Trikizio, musika eskaintza
Gaur hasiko dira, Zaldibian, urteko jai nagusiak,
santafeak. Lau eguneko asteburu luzea dute zaldibiarrek gozatzeko; ondoren, eta azken urteetako ohiturari segiz, urriaren 11n mozorrotuen gaua ospatuko dute, jai bezpera dela baliatuz. Bost egun eta hamaika ekitaldi prest dituzte.
Mondeju osagaien biribilketa eginez bai, baina danborradarik gabe hasiko da egitaraua, gaur arratsean. Haurren danbor jotzerik ez dute egingo. Mondejua bera izango da arreta gunea gero, garaiari dagokionez. Dastaketa egingo dute, plazan.
Lehen gaua musikaz alaitzeko, Imuntzo eta Beloki etorriko dira. Hori ere ohitura ari da bihurtzen, aspaldiko urteetan. Herriko bertako Gauerdi txaranga tabernarik taberna ibiliko da.
Santa Fe egunak, bihar, ohiko osagaiak izango ditu: bertsolarien eta trikitilarien kalejira, umeentzat pottokak, eta arratsaldean Iztueta taldearen dantza saioa eta pilota partidak.
Bi partida jokatuko dituzte, afizionatuek. Lehena, neskek. Olatz Arrizabalaga-Maddi Mendizabal gernikarra eta zaldibiarra, Patri Espinar-Maider Mendizabal usansoloar-anoetarraren aurka. Gero, mutilak: Beñat Azketa-Unai Atxa beasaindarra eta zegamarra, Iban Matxinandiarena-Aitor Elizegi zegamarraren eta zaldibiarraren aurka.
Musika taldeak gauero
Gaur Imuntzok eta Belokik joko badute, bihar Zopilotes Txirriaos nafarrak ariko dira lehenik, eta Laket erromeria taldea gero. Larunbateko —kuadrillen eguna— dantzaldia Tximeleta taldeak alaituko du, eta igande arratseko haurren mozorro-festa Joxe Mendizabalek. Urriaren 11n, azkenik, Trikizio etorriko da.
Udalak festen aurrekontuaren berri eman du, egitarauan bertan. 41.610 euro kostatuko dira, ia erdia (20.525) musika taldeak.
Botiloia programa garatuko dute, larunbat gauean. Kaleko edanaren arriskuez ohartarazteko, lagun taldeengana hurbilduko dira, aholkuak emateko.
Eraso sexisten aurkako protokoloa ere indarrean egongo da jaietan. Parke Botanikoa itxita, eta zaindua. Edalontzi berrerabilgarriak banatuko dira, eta petardo indartsuak saltzea debekatuko du udalak.
Kaleko zirkulazioa itxita egongo da egunero, 07:00-11:00 tar-tean izan ezik. Autobusa Arresen edo Biloren geldituko da, plazan ez. Hondakin bilketarako, Biloreko gunea zabalduko dute, 6tik 8ra, denentzat.