Bisita gidatuak egin dituzte Itsasoko San Bartolome elizan. Erretaula zaharberritzen ari dira eta hura ikusteko bisitak izan dira. Abenduan erretaula berreskuratzeko lanak amaituta egongo direla iragarri dute.
Itsasoko bizilagunak San Bartolome elizako erretaulan egiten ari diren zaharberritze lanak ikustera gonbidatu dituzte. Izan ere, uda partean hasitako lanak aurrera joan ahala, erretaula pentsatu baino altxor handiagoa dela konturatu dira. Erretaularen milimetro bakoitzak zer kontatua dauka eta agerian geratzen ari da gaineko geruzak altxatu eta azpikoak ateratzen ari direnean.
Javier de Miguel da zaharberritze lanen burua. Bera izan da bisiten gidaria. Xehetasun ugari agertu dira eta erakutsi ditu de Miguelek, areago, detaile bakoitzari darion historia ere kontatu du.
Erretaula 1550. urte inguruan egin zuen Juan de Lizarazu artista urretxuarrak. Artista maisua izanda, lana taldean egin zutela argi dauka De Miguelek. «Talde lanean baino ezin da halakorik egin. Umeek gubiak zorrozten zituzten eta pintzelak prestatzen eta zirriborroak kudeatzen zituztenak baziren…». Polikromiak 20 bat urte beranduago egin zituztela dio adituak, «inoiz ez zuten dena aldi berean egiten. Pintura lanak oso garestiak izaten ziren eta ez zituzten jarraian egiten».
Garaiko artistek ezagutzen zituzten materialak erabiltzen zituzten. Bazekiten egurrean arrakalak sortuko zirela eta oihalak jartzen zituzten haiek ekiditeko, pipia sortuko zela era bazekiten eta egurrari baratxuriarekin igurtziak egiten zizkioten hura babesteko. Halakoak kontatzen ditu San Bartolomeko erretaulak.
Erretaulak dioena
Ekisaindua 1800. urte ingurukoa da. Erretaulatik kenduta daukate zaharberritze lanak egiteko. Urre kolorea erabili zuten neoklasizismoa darion piezan eta urreak ere badu zer kontatua. Hain zuzen, Carlos III.ak izan zuen urre faltaren historia. Urre kolorea artegintzatik saihesteko eskaera egin zuen erregeak eta erabiltzen zutena txanponen soberakinetatik ateratzen zutela azaldu du De Miguelek.
Polikromiak egurrak beste hitz egiten du. De Miguel aldamioan gora doa kotoi puska bat eskuetan duela. Sakelakoaren argitxoaz detaileak erakusten ditu; hain dira txikiak. Kotoia egurraren gainetik pasa eta bat-batean aurpegi bat ageri da egur gainean margotuta edota pinturan bertan zizelkatuta. « Horrenbeste aurpegitxo eta detaile ikusita, bistan da artistek izugarri ongi pasatzen zutela». Ederki pasatzen zutela bai, baina De Miguelek gogoratu du garai hartan lan egiteko baldintzak oso latzak zirela: «Gaixotasunak, hotza eta abar luze batek baldintzatzen zuten eliza barruko giroa».
Erretaula gaineko margo askok eta askok ez dute kristautasunarekin zerikusirik. Urdinez pintatutako paisaiak daude, hiritarrak gehienak. Aurpegitxoak daude eta naturatik hartutako hegazti exotikoak ere ageri dira erretaulan. Trentoko Kontzilioaren ostean, halakoak debekatu zituztela adierazi du De Miguelek, «baina debekuek ere, elizaren kontroletik urrun zeuden parrokietara iristeko denbora behar zuten ».
Abendu erdialdean lanak amaituta egongo direla aurreikusi du De Miguelek. Ordura arte, Itsason geratuko dira erretaulan lanean ari diren hiru zaharberritzaileak. Lanean gustura ari direla diote, «jada ez da horrelako erretaularik aurkitzen». Pintura azpian agertzen diren aurpegi bakoitzaren aurkikuntzak poza ematen diela diote. Aurpegi oso txikiak dira, gerturatuta baino agertzen ez direnak. Bakoitza altxor bat da eta guztiek elkarrekin osatzen duten erretaula aurrez pentsatu baino altxorrago bihurtu dute.