EBA ligara igo berri den Ordiziako saskibaloi taldea indartzera dator Asier de la Iglesia zumarragarra. Orain dela bost urte esklerosi anizkoitza detektatu zioten eta irrifarra ahoan egiten dio aurre bizitzari
Ordizia-Basoa Edari Banaketak saskibaloi taldeak bihar larunbata ekingo dio 2017-2018 denboraldi berriari, EBA ligan. Pasa den denboraldian mailaz igo ondoren, taldea indartzeko Asier de la Iglesia (Zumarraga, 1983) jokalaria fitxatu du. Curriculum luzea du De la Iglesiak saskibaloi profesionalean; Santander, Zamora, Atletico San Sebastian edota Amics Castellon taldeetan jokatu du, besteak beste. Euskal selekzioarekin ere lau urtez aritu da. Dena den, saskibaloiagatik bakarrik ez da ezaguna Ordiziako jokalari berria, esklerosi anizkoitza detektatu zioten orain dela bost urte. Hala ere, irrifar handi batekin begiratzen dio bizitzari.
Pasa den denboraldian Oñatin jokatzen aritu zinen, Ordiziatik jokatzeko proposamena jaso zenuen arte.
Lehendik ere Ordiziako taldea ezagutzen nuen, Oñatin jokatzen nuenean lagunarteko partida bat jokatu genuelako. Proposamena egin zidatenean, taldeari nire ekarpena egin niezaiokeela pentsatu nuen eta probatzera etorri nintzen lehenengo, horrela taldekideak eta taldea bera barrutik ezagutzeko. Oso sentsazio onak izan nituen, bai nik eta baita klubak ere, hortaz, baietz esan nuen. EBA liga, ez da berria niretzako eta esperientzia hori, lagungarria izan daiteke klubarentzat. Oso pozik nago hartutako erabakiarekin.
Taldearekin lanean ari zara jada. Zer moduzkoak izan dira lehenengo aste horiek?
Hilabete daramat Ordizian entrenatzen eta egokitzen ari naiz pixkana-pixkana. Bost lagunarteko jokatu ditugu datorren astebukaera honetan liga hasi aurretik. Horietatik hiru irabazi ditugu, azkena Santaderren aurka. Jokalari oso altuak dituen taldea da eta gu izan ginen nagusi; hortaz, ondo ari garela esan daiteke, bai.
Niri dagokidanez, ia partida osoak jokatu ditut. Entrenatzaileak ere ongi ikusten nauen seinale da hori.
EBA ligara igo berritan, zein da klubaren helburua denboraldi honetarako?
Lehenik eta behin kantxara ongi pasatzera atera behar dugu, ongi pasatzeak, emaitzak ere hobeak izaten lagunduko baitigu. Taldea betiko jokalariekin mantentzen da eta ahal dugun neurrian, denboraldi polita egiten saiatuko gara. Ikasteko ere asko balioko du EBA ligak, jokatzeko erritmoa beste bat izango delako eta ACB ligan aritutako jokalariak daudelako.
Emaitza handiak agian ezin ditugu eskatu, baina taldearen helburu nagusia EBA ligan mantentzea izango da eta, dudadarik gabe, hori lortzera aterako gara kantxara. Zaleen babesa ere garrantzitsua izango da helburuak lortzeko.
“EBA liga, ez da berria niretzako eta esperientzia hori,
lagungarria izan daiteke klubarentzat.”
“Irrifarra ez galtzen eta gauzei dutena baino
garrantzia gehiago ez ematen saiatzen naiz”
Saskibaloian denak emanda ari zara, talde berri batean gainera, baina orain dela bost urte esklerosi anizkoitza detektatu zizuten. Nola uztartzen dituzu kirola eta gaixotasuna?
Hankek ez didate berdin funtzionatzen, eskuak txingurrituta eta ukimena ia guztiz galduta ditut, sarri bikoitz ikusten dut, nekea ere sarri ikaragarria da eta beste hainbat eta hainbat sintoma eragiten dizkit gaixotasunak. Baina saskibaloiak bizirik mantentzen nau. Eta saskibaloian jokatzen jarraitzeak esfortzu eta konzentrazio handia eskatzen badit ere, pozik egiten dut.
Komunikabide eta hitzaldi askotan hitz egin duzu gai horren inguruan. Beste pertsona batzuentzat erreferente zara.
Gipuzkoako esklerosi anizkoitza elkarteko neurologoak elkartera iristen ziren gaixo berriei nire telefonoa ematen zien hiru urtetan zehar.
Zure jarrera positibo eta indarragatik?
Hori dirudi! Beti izan naiz indar handiko pertsona, irrifarra ez galtzen eta gauzei dutena baino garrantzia gehiago ez ematen saiatzen naizena. Batzuek agian hotza naizela esan dezakete, baina beste batzuei oso lagungarri zaie nire jarrera bizitzaren eta esklerosi anizkoitzaren aurrean.
Sendatu al daiteke?
Sendatu, momentuz ez. Bizi kalitatea mantentzeko sendagaiak daude, baina oraindik ikertzeko bide luzea dago aurretik.