Atzegik kanpaina berria abiatu du boluntarioak ardatz hartuta
'Atzegi Xperience' izena jarri diote kanpainari. Boluntario izateko hamaika modu daudela adierazi nahi dute. Legazpin eta Beasainen aurkeztu duteAtzegik, adimen urritasuna dutenen Gipuzkoako elkarteak, sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du. Goier...
‘Atzegi Xperience’ izena jarri diote kanpainari. Boluntario izateko hamaika modu daudela adierazi nahi dute. Legazpin eta Beasainen aurkeztu dute
Atzegik, adimen urritasuna dutenen Gipuzkoako elkarteak, sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du. Goierrin, Legazpin eta Beasainen egin dituzte aurkezpenak urtero egin ohi duten bezala. Kanpaina berriari Atzegi Xperience izena jarri diote. Boluntarioei zuzenduta dago eta bidali nahi duten mezua boluntario izateko hamaika modu daudela da.Atzegi Xperience horretan modu horiek guztiak kabitzen dira. Izan ere, asteburu pasak egiteko saltzen diren kaxak simulatu dituzte boluntario izateko era horiek guztiak irudikatzeko. Legazpin egindako aurkezpenean Atzegiko ordezkariari Goierrin zenbat boluntario daudela galdetuta honakoa erantzun zuen: «Ezin da kuantifikatu. Boluntario lana da bakarrik bizi den adimen urritasuna duenaren etxera astean bitan doan andrearen lana edota beste bati korrika egitera laguntzen dionarena. Txolarteetan ari direnen lana jakina boluntario lana dela;aitzitik laguntzeko modu asko daude».
Aurkezpenean Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko boluntario batzuk elkartu ziren. Tartean, Izaro Markotegi 18 urteko legazpiarra. Atzegiko boluntario izateko erabakiaz hitz egin zuen Markotegik: «GOIERRIKO HITZAn boluntarioak behar zirela irakurri nuen eta izena ematea erabaki nuen».
Beldurra eta konfiantza
Lehenengo hitzordua Kirola Elkarrekin jardunaldietan egin zuen eta han adimen urritasuna dutenek «ematen duten maitasuna» sentitu zuen. Artean beldur pixka bat ere bazuela aitortu du, «batez ere, uste nuelako behar bezala artatzeko ez nintzela gai izango». Bere buruan konfiantza irabazten joan da, hainbesteraino ezen udan Andorran Atzegiko udalekuetan begirale lanetan aritu dela. «Balio dudala ikusi dut, erortzen badira eta min hartzen badute badakidala zer egin eta estutasunari aurre egiten diodala».
Gaur Atzegi Xperience kanpaina Donostian aurkeztuko dute. Boluntario izateak bizipoza, txangoak egiteko aukera, ongizatea eta bidelagun berriak aurkitzeko parada ere eskaini dezakeela gogoratu nahi dute.