Baserritarren Egunaren seigarren edizioa antolatu du Abeltzainen Elkarteak udalaren laguntzarekin. Lehenengo sektoreari balioa ematea da ospakizunaren helburu nagusia
Baserritarrek egiten duten lanaren erakuslehio bihurtuko da Idiazabal ostegunean, hilaren 12an. Baserritarren VI. Eguna Idiazabalgo Abeltzainen elkarteak antolatzen du, udalarekin lankidetzan. Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak honela laburbildu du ospakizunaren muina: «Lehenengo sektorea eta baserritarren produktuak azaleratzeko balio dute horrelako ekintzek». Helburu horrekin egitarau betea antolatu dute etzirako.
Idiazabalgo nekazari eta abeltzainek beraien lana eta produktuak kalera atera eta herritar nahiz bisitariei erakuskeko aukera izango dute. Urtez urte indartzen ari den festa da Baserritarren Eguna, horregatik, «jende asko gerturatzea espero» dute.
Guztira, Idiazabalgo 22 baserrik parte hartuko dute. Ganadu erakusketa, jateko produktuak eta baserrietako lan tresnak eramango dituzte azokara. Abeltzain Elkarteak eta Goimenek gaur egun baserri lanerako erabiltzen diren hainbat makina ere jarriko dituzte ikusgai.
Egun osoko festa
Artaldea herrigunetik pasatzen, iazko festan.
Goizetik hasiko da festa, postuak eta erakusketak 09:00etarako zabalduko baitituzte. Frontoi zaharrean, herriko abeltzainen ganadu erakusketa jarriko dute. Plazan, ekoizleen produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango da; frutak, barazkiak eta gazta, besteak beste; eta areto futboleko zelaian garai bateko eta egungo lan tresnak eta makineria jarriko dituzte.
Eguerdian, txahal pintxoak jarriko dituzte salgai, eta 12:30ean, artaldea pasako da herrigunetik, menditik etxerako bidea eginez. 14:30ean, bazkaria egingo dute, udaletxe zaharreko arkupeetan. Gaztaren interpretazio zentroak ere ateak zabalik izango ditu goizez (11:00-14:00) eta arratsaldez (16:00-19:00).
Seigarrena den honetan, nobedaderik ere egongo da. Izan ere, herri kirol erakusketa antolatu dute 13:00etan Txomenamen. Aizkolari eta harrijasotzaileek erakustaldia egingo dute.
Mahai ingurua gaur
Baserritarren egunaren egitararauaren barruan,
Lurra ezin liteke engaina mahai ingurua egingo dute gaur, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Jesus Aduriz Gipuzkoako Foru Aldundiko herri onurako mendien eta larreen ataleko arduraduna, eta Abelur nekazaritza aholkulari zentroko teknikari Imanol Arrieta izango dira hizlariak.
Baserritarren egunarekin lotuta antolatu dituzten ekintzetan parte hartzeko egin die Idiazabalgo Udalak herritar eta goierritar guztiei.
OSTEGUNA, URRIAK 12
· 10:00. Herriko baserrietako ganadu erakusketa, herriko ekoizleen produktuak, ardi ilearen eraldaketa erakustaldia, baserriko lan tresnen erakusketa eta Iparraldeko produktu salmenta. Trikitilariek alaitutako giroa.
· 12:00. Txahal pintxoak salgai.
· 12:30. Artaldeak herrigunea zeharkatuko du.
· 13:00. Herri kirol saioa Txomenanen.
· 14:30. Herri bazkaria udaletxe zaharreko arkupeetan. Txartelak 20 euroan salgai?Izparren.