Legazpi Europar Batasuneko proiektu bateko partaide da. Klima aldaketara egokitzeko irtenbideak bilatzea da proiektuaren helburua. Lanketa Legazpiko lau auzotan egiten hasi dira
Legazpiko San Inazio auzoa.
Europar Batasunak bultzatutako Good Local Adapt proiektuan parte hartzen ari da Legazpi. Proiektuak klima aldaketa egon badagoela eta egokitzeko irtenbideak bilatzeko xedea dauka. Martxan jarri berri dute eta 2020ra arte egingo duten lanketaren lehenengo urratsa ematen ari dira Legazpin. Hain zuzen, telefonoz lau auzotako bizilagunei inkestak egiten hasi dira.
Proiektuan parte hartuko duten auzoak San Inazio (1-21 atariak), San Martin, Arantzazu (1-9) eta San Jose auzoak dira. Auzo horiek denak bereziki babestuta daude euren iragan industriala dela eta.
Bizilagunen iritzia jaso
Proiektuaren barruan, klima aldaketara egokitzeko bidean, bero-boladei, ur faltari edota uholdeei aurre egiteko irtenbideak diseinatu nahi dituzte. Inkesta lehenengo urratsa da; auzoak klima aldaketara egokitzeko moduak zehaztuko dituzte ondoren eta auzotarrekin kontrastatuko dituzte datorren urtean.
Klima aldaketara egokitzeaz gain, suertatu daitezkeen arriskuei aurre egiteko bideak eta arrisku horiek prebenitzeko moduak ere lantzeko asmoa daukate. Irtenbide horiek guztiak ekonomikoki jasangarriak izango direnaren konpromisoa ezarri du proiektuak, baita gizarteak onartutakoak izango direla ere. Proiektuak, halaber, ekimen publikoen zein pribatuen kooperazioa sustatuko du eta irtenbide tradizionalak nahiz berriak integratuko ditu.
Legazpik Amurrio (Araba) eta Balmaseda (Bizkaia) herriekin batera parte hartuko du proiektuan.