Latxa arkumea erosleek bereizteko zigilua sortu du Larsabi elkarte berriak
Lehen Gipuzkoa mailako artzain elkartea zena Hego Euskal Herrira zabaldu dute. Bertako arkumea bertan kontsumitzea nahi dute. Kalitatea, sustengua eta salmenta zuzena ditu ardatzAzaroan hasiko dira artzainak arkumeak merkaturatzen, neguko eta, batik ba...
Lehen Gipuzkoa mailako artzain elkartea zena Hego Euskal Herrira zabaldu dute. Bertako arkumea bertan kontsumitzea nahi dute. Kalitatea, sustengua eta salmenta zuzena ditu ardatz
Azaroan hasiko dira artzainak arkumeak merkaturatzen, neguko eta, batik bat, Gabonetako kanpainari begira. Bi berritasun aurkeztu zituen sektoreak atzo, Zaldibiako Goizane egoitzan. Larsabi elkartearen sorrera iragarri zuten batetik. Lehen Gipuzkoan lan egiten zuen Garsabiko kideek Hego Euskal Herriko lau herrialdeetara zabaldu nahi dute elkargoa, latxa ardia dagoen eremu guztira.Bestetik, erosleek bertako arkumea zein den identifika dezaten, zigilu edo logotipo berezitua sortu du Larsabik: Latxa arkumea izena, artzain makila batekin eta arkume buru batekin.
Lekukotasuna eta kalitatea ditu jokatzeko arau Larsabi elkarteak, Mariano Imaz ataundar lehendakariak azaldu duenez. «Garsabiko bazkide guztiak sartu dira Larsabin, oraingoz. Eremua Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroara zabaldu nahi dugu. Inori ez zaio trabarik jarriko, beti ere oinarriak betetzen badira: artzaintza eredua eta arkumea amaren esnearekin haztea».
Latxa arkumeen bilketa eta merkaturatzea bateratuta egingo ditu Larsabik, Hego Euskal Herrian. Komertzializatzaileen aurrean nolabaiteko berme batzuk eskainiko ditu horrek, kobrantza garairako edo gutxieneko prezioa hitzartzeko.
«Arkume bilketa bateratua antolatzeak kostuak hobetzea dakar. Baina garraioak arkumeengan eragiten duen estresa ahalik eta txikiena izateak garrantzia handiagoa du; bilketa zenbat eta denbora gutxiagoan egin, orduan eta errendimendu eta kalitate hobea izango du», azaldu du Imazek.
Imaz lehendakariarekin batera, Arantxa Garaiburu da lehendakariordea, eta Ander Barandiaran —Idiazabalen du artegia eta gaztandegia— bokala.
Iazko «kaosa», pizgarri
Arkume merkatuak «berak» eragin du Larsabiren sorrera eta zigiluarekin bereiztea, Imazen esanetan. «Iaz kaosa izan zen, batez ere Eguberri inguruan. Garsabi bezala nahiko ondo moldatu ginen, baina sektorean kaosa nagusitu zen. Mugarria izan zen». Kanpoko arkumea «inoizko kopuru handienetan» sartu zen euskal merkatuan, «era intentsiboan eta amaren esnerik gabe, esne artifizialarekin zebaderoetan hazitakoak».
Hori eragotzi nahi dute, eta euskal kontsumitzaileei bertako arkumea erosteko eskatu diete. «Komertzializazio eredu guztiei ateak irekita dauzkagu, baina beti hemen sal dadin saiatuta. Gure arkumearen %90 kanpora joaten da», deitoratu du Imazek.
Ibilaro osoan kontrolatuta
Baserrietako latxa arkumearen dohainak goratu ditu Larsabik: «Amaren esnez hazia, salmenta zuzenarekin saldua eta kalitate ziurtatukoa da. Bertako nekazaritza bultzatzen du, gainera».
Zigiluarekin, arkumearen trazabilitate osoa ziurtatuko da. «Hemen jaio eta hazi dela, eta baserritik etxerainoko ibilaro guztian kontrolatuta dagoela adierazten du ikurrak».