Euskal errepublika eraikitzen gaurtik hasi beharra dagoela ohartarazi dute
Erabakitze eskubidea iaz gauzatu zela, eta estatua eraikitzeko hausnarketak behar dira, Ta Oain Ze?-ren iritziz. Agur Hispania egunean hitzaldi, batzar eta protestak egin dituEspainiaren Egunean, Goierrik jai egin zuen, atzo. Euskal Herriak estatu prop...
Erabakitze eskubidea iaz gauzatu zela, eta estatua eraikitzeko hausnarketak behar dira, Ta Oain Ze?-ren iritziz. Agur Hispania egunean hitzaldi, batzar eta protestak egin ditu
Espainiaren Egunean, Goierrik jai egin zuen, atzo. Euskal Herriak estatu propioa izateko helburuz, eta Kataluniako prozesuak hauspotuta, Ta Oain Ze? ekimenak Agur Hispania eguna antolatuta jarri zuen kontrapuntua. «Pixkanaka, euskal errepublika eraikitzen hasi beharra dago. Herri kontsultak egin genituen Goierrin, eta 15.000 pertsona independentziaren alde agertu ziren», azaldu dute.Gogoetarako bi hitzaldi egin zituzten, goizean, Lazkaon. Lehena, «eraikitzailea». Gorka Juliok eta Naroa Elortzak ikuspuntu sozioekonomikoa jorratu zuten. «Askotan uste dugu ondo gaudela, Espainiarekin konparatzean eta. Baina errealitatea beste bat da. Alternatiba landu beharra dago: euskal errepublika askoz justuagoa, duinagoa eta berdinzaleagoa izan liteke».
Juliok dio prisma berritik sortu behar direla euskal errepublikaren oinarriak: «Ekonomia sozial eraldatzailetik, herritarrei begirakotik, kooperatibismo berritik eta mugimendu sozial-sindikaletik. Baina gaurtik hasita».
Altsasuko gazte auzipetuen gurasoek hitz egin zuten, gero; «errepresioaren kontzientzia hartzeko». «Errepresioa ez da agian garai batean bezain agerikoa, baina inplizituki badago».
Manifestazioa Ordizian
Ekimenak asanblada ere egin zuen, eguerdian. Bazkaria, gero. «1978ko erregimena kolokan jartzen ari da Katalunian, eta guk hemendik bultzatu beharko genuke. Bestetik, errepublika eraikitzeko, kosziente gara behetik gora egin beharra dagoela, herritarrek izan behar dute ardatz. Modurik onena ja hastea da».
Hiru lantalde abiarazi ditu ekimenak: sektorekako gaien ekimen zehatzena (euskara edo hezkuntza, adibidez); «borroka ideologikoa» eta independentziaren aldeko diskurtsoa garatuko duena; eta kulturarena.
Iluntzean manifestazioa egin zuten, Agur 78ko erregimena, agur Hispania lelopean. Ordiziako Plaza Nagusitik skate parkera joan ziren, Espainiako Guardia Zibilaren koartel azpira.