Urrian 100 urte bete ditu Beasaingo Aranburu Oinetakoak dendak. Florentino Aranburuk eta Manuela Aiestaranek ireki zuten 1917an, eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan da. Egun, Tere Aranburu biloba da arduraduna.
Manuel Aiestaran eta Florentino Aranburu, sortzaileak.
Aldaketa ugari izan dira azken urteetan Beasaingo Kale Nagusian. Autoak dagoeneko desagertuak dira kaletik, oinezkoentzako egokitu zutenetik. Eta denda eta tabernak ere makina bat aldatu dira. Bada, ordea, urteak joan eta urteak etorri Kale Nagusiaren bihotzean iraun duen denda bat, aldaketa guztien testigu: Aranburu Oinetakoak. Urrian ehun urte bete ditu Aranburutarren negozioak. Makina bat goierritarren oinak jantzi dituzte urte hauetan guztietan.
1917. urteko urrian ireki zuten denda Florentino Aranburu eta Manuela Aiestaran bikoteak. Aranburu, jaiotzez Usurbilgo (Gizpukoa) Aginaga auzokoa, Donostiara joan zen gaztetan zapatak egiten ikastera. Bertan ezagutu zuen Aiestaran, lazkaotarra, Donostian neskame lanetan ari zena. «Beasainera etorri ziren bizitzera, eta denda ireki zuten; ezkondu, berriz, geroago egin ziren», azaldu du Tere Aranburu bilobak, dendaren gaur egungo arduradunak.
Lokalaren aurrealdean negozioa, eta atzealdean etxebizitza zuten senar-emazteek. Hortaz, bertan egiten zuten bizimodua. Hasierako urteetan neurrira egiten zituzten oinetakoak: apretak, abarkak… «Aitonak egiten zituen, eta amonak saldu». Gerora, fabrikan egindako oineta-koak ere saltzen hasi ziren, eta gutxika neurrira egiteari utzi zioten. Dena den, zapatak konpontzen jarraitu zuten.
Seme alaba guztiak dendaren atzealdeko etxebizitzan jaio ziren, eta dendan egin zuten bizimoduaren zati handi bat, ofizioa txiki-txikitatik ikasiz. Hala, gurasoak zahartzean, Juanita alabak hartu zuen negozioaren ardura. Beasaindar gehienek gogoratuko dute Juanita; izan ere, 87 urteak bete arte egunero-egunero joaten zen oraindik dendara, ahal zuen neurrian laguntzera eta jendearekin egotera. «Aurtengo martxoan hil da; pena da urteurrenera ailegatu ez izana», esan du Tere Aranburuk.
Juanitaren iloba da Tere, eta 1978an hasi zen dendan izebarekin lanean. «Ikasketak utzi eta dendan geratzea erabaki nuen; ofizioa ikasia nuen, txiki-txikitatik ordu asko pasa nituelako dendan, eta ikasketetan ere oso ona ez nintzenez…». Gaur egun bera da dendaren arduraduna, eta hiru belaunaldiko katea berarekin amaituko dela uste du. «Nik dagoeneko 61 urte ditut; nire bi alabek beste ikasketa batzuk egin dituzte, baina egunen batean lanik edukiko ez balute, dendako lana ikasia dute eta aukera izango lukete jarraitzeko».
Ohiturak asko aldatu dira
Ehun urtean, Kale Nagusia soilik ez, gizartea eta erosteko ohiturak ere erabat aldatu dira. Hala nabaritu du Terek ere salmahaiaz bestaldetik. «Hasieran negozioa oso familiartekoa zen; bezero guztiak ezagutzen genituen,eta familiako kide guztiak etortzen ziren oinetakoak erostera, gaz-teak zein zaharrak». Garai zailak ere ezagutu zituztela dio, beze-roek zapatak ordaintzeko nahikoa diru ez zutenekoa. «Zerrenda batean apuntatzen genituen, eta gutxika ordaintzen joaten ziren».
Herriaren hazkundeak, saltoki handien irekierak eta orain Internet bidezko salmentak bezeroekiko harremana erabat aldatu duela uste du Terek. «Orain harremana askoz hotzagoa da». Dena den, Aranburu Oinetakoak dendak jakin izan du gizartearen aldaketetara egokitu eta bizirik mantentzen. «Bezeroei konfiantzazko tratua ematea eta gertutasuna eskaintzea izan dira gure gakoak».
Urteurrenaren data zehatza jakiterik ez du lortu Terek, baina badaki aitona-amonek urrian ireki zutela denda, duela mende bat. Urte hauetako guztietako ibilbidea ospatzeko, bezeroei deskontu bereziak eskaintzen ari dira. Horrez gain, urteurreneko logoa jarri dute erakusleihoan, eta poltsa berezi batzuk ere atera dituzte. Ilusioz bizi dute urteurrena, salmahaiaren atzealdean bizitako urteak oroituz.