Olaberriko udal liburutegia noiznahi erabili ahalko dute erabiltzaileek
Olaberriko liburutegira egunero sartu ahalko dute bazkideek. Sarrera eta erabilera autonomoa ahalbidetu du udalak onartu duen araudi berriak. Goierriko beste zenbait herritan martxan duten sistema jarriko dute hala, Itsasondokoan kasu. Atea txartel mag...
Txartela eskatzen duen erabiltzaileari emango zaio, soilik. 10 euroko kostua kobratuko dio udalak. Udaletxera joan, eskaera-orria bete, araudiaren onarpena sinatu behar du. Liburutegiko 16 urtetik gorako bazkideek bakarrik har dezakete txartela.
Behin sarbide automatikoa lortuta, liburutegia —San Joan plazako 2an dago— asteko egun guztietan (astelehenetik igandera), urte osoan erabili ahalko du, 09:00etatik 22:00etara.
Ohiko erabilera, arratsetan
Txartela eskatzen ez duten gainontzeko erabiltzaileek, bestetik, astelehenetik ostiralera joan ahalko dute bibliotekara, 16:30etik 19:00etara. Liburuzaina astelehenetan bakarrik egongo da bertan, eta orduan argitu ahalko dituzte erabiltzaileek zalantzak edo informazio eskeak.
Beste astegunetan, irekita egongo den arren, erabiltzaileek modu autonomoan erabili beharko dute zerbitzua. Sei urtetik beherako haurrek larri batekin egon behar dute. Zazpi urtetik gorakoek, berriz, eskolako lanak egiteko, informazioa kontsultatzeko edo liburuak hartzeko erabili ahalko dute.