Urretxu, ekoizle ekologikoen bilgune
Nekazaritza ekologikoaren azoka egin dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Salmentak onak izan direla nabarmendu dute, eta Biolur elkarteak ekoizpen ekologikoaren berri eman du.Produktu ekologikoak ekoizten dituztenek ez dute lan erraza. Ekoizle hand...
Nekazaritza ekologikoaren azoka egin dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Salmentak onak izan direla nabarmendu dute, eta Biolur elkarteak ekoizpen ekologikoaren berri eman du.
Produktu ekologikoak ekoizten dituztenek ez dute lan erraza. Ekoizle handien aurka borrokatu behar dute, tantaka-tantaka kontzientziak piztuz. Herritarrengana heltzeko duten tresnetako bat azokak dira. Horietako bat Urretxun antolatzen dute, 2009tik. Biolur elkarteak udalaren babesa du eta, pixkanaka, bidea egiten ari dira.Aurtengo azoka igandean egin zuten, Gernikako Arbola plazan. Hamaika produktu erosteko aukera egon zen, eta gainera, tailerrak eta zozketak egin zituzten. Hamabost postu egongo dira. Horietako batean nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak informazioa eman zuen.
Gainontzeko postu gehienetan jakiak erosteko aukera egon zen: Bergarako Ane Gorosabelek barazkiak saldu zituen, Faltzeseko Placido Taintak baratxuriak, Antzuolako Pikunietak gazta, Itsasoko Haristizabal baserrikoek ogia eta sagarrak, Urretxuko Aikur museokoek eztia, Tolosako Aldabakoek ogia eta gazta, Aibarko Mendiko upategiak ardoa, Aretxabaletako Lonbidek barazkiak, Joseba Baez idiazabaldarrak gazta, Urretxuko Ilargui enpresak ogia, Goiekok eta kontsumo taldeetako ekoizleek haragia eta Muskizko Txaramelak pasta.
Dena ez zen janaria izan, ordea: Zumaiako Mireia Segurak umeentzako arropa ekologikoa saldu zuen. Postuez gain, haurrentzako tailerrak eta zozketak egon ziren. Erosleen artean produktu ekologikoen saskiak zozkatu zituzten. Hiru saskiak kanpotarrek irabazi zituzten.
Antolatzaileak gustura ageri dira. «Gustura gaude. Biolurrekoek balorazio positiboa egin dute. Iaz baino jende gehiagok parte hartu duela eta gehiago saldu dela esan dute», aipatu du Miren Castillo Urretxuko Kultura teknikariak.
Azoka honetara hurbiltzen diren gehienek erosketak egiten dituztela gehitu du. «Gerturatzen dena, erostera gerturatzen da. Beste azoka batzuetan ez da hori gertatzen. Gainera, feria bat baino gehiago da: helburu nagusietako bat filosofia bat zabaltzea da. Biolur elkarteak eta kontsumo taldeak presentzia izatea ere oso garrantzitsua da».
Ekoizpen ekologikoaren alde lanean jarraituko dutela aurreratu du. «Biolurrek eta udalak produktu ekologikoen merkatua zabaltzeko borrokan jarraitzeko asmoa dugu».
Azokan parte hartu zutenen artean, Urretxuko Aikur erleen museoko eztigileak zeuden. Otegitarrek, Biolurrekoek ez bezala, iaz baino jende gutxiago ibili zela uste dute. «Jende gutxiago ibili zela uste dugu, beharbada zubia zelako eta oso eguraldi ona egin zuelako. Dena den, etorri zen jendea erostera etorri zen. Salmentak txukunak izan ziren».