Ehunka goierritar atera dira kalera kataluniarrei babesa eta elkartasuna adieraztera
Gure Esku Dagok ANCeko Jordi Sanchezen eta Omniuneko Jordi Cuixart presidenteen espetxeratzeak salatu dituzte. Igandean giza-katean parte hartzearen garrantzia nabarmendu duteGoierriko herri guztietako udaletxe aurreetan Junts (elkarrekin) goiburupean ...
Gure Esku Dagok ANCeko Jordi Sanchezen eta Omniuneko Jordi Cuixart presidenteen espetxeratzeak salatu dituzte. Igandean giza-katean parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute
Goierriko herri guztietako udaletxe aurreetan Junts (elkarrekin) goiburupean elkarretaratzeak deitu zituen atzo Gure Esku Dagok, astelehen gauean ANCeko Jordi Sanchez eta Omniuneko Jordi Cuixart presidenteak espetxeratu zituztela salatzeko. Beste behin ere, ehunka goierritar kalera atera dira Kataluniako herriari babesa agertzeko helburuarekin, «bi Jordien lan infinitua aitortzeko, babesa emateko, eta bidegabekeria salatzeko. Ezin gara albora begira geratu».Goierriko Gure Esku Dagok elkarretaratzeen amaieran salatu du, «herritarren borondateari era baketsuan eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik baldintzarik gabe kartzelara eraman» dituztela. Neurri horrekin, «ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez. Urrutiegi iritsi da, herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino». Orain, «Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu» nahian ibiltzea leporatu dio Gure Esku Dagok Espainiako Gobernuari; «oso larria da hori», gaineratu du.
Giza katea igandean
Kataluniako gertakari «larri» horien guztien aurrean, iganderako antolatutako giza katean parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen GED-k. 12:00etan, Lazkao, Ordizia eta Beasain elkartuko dituzte, Kataluniako herritarrei elkartasuna agertzeko eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen bidean urratsak emateko. 13:00etan, Beasaingo plazan egingo dute amaierako ekitaldia.