Goierri Gorri, familia handitzen
Ordiziak bat egin du Lazkaoko eta Beasaingo futbol elkarteek abiatutako nesken futbolaren proiektuarekin. Maila desberdinetan 226 jokalari eta 12 talde ari dira aurten lehianElkarlanean oinarrituz, eta herrien arteko mugak hautsiz, Goierriko nesken err...
Ordiziak bat egin du Lazkaoko eta Beasaingo futbol elkarteek abiatutako nesken futbolaren proiektuarekin. Maila desberdinetan 226 jokalari eta 12 talde ari dira aurten lehian
Elkarlanean oinarrituz, eta herrien arteko mugak hautsiz, Goierriko nesken errendimendua eta antolakuntza hobetzeko helburuarekin sortu zen iaz Goierri Gorri futbol kluba. Bigarren denboraldia martxan jarria du dagoeneko, iaz baino jokalari eta talde gehiagorekin: iaz, maila desberdinetako 8 taldeetan 130 jokalari aritu ziren; aurten, 12 taldeetan 226 jokalari ari dira, 12 entrenatzaile eta 14 delegatu ondoan dituztela. Goierri Gorri proiektuarekin bat egin duten herrien kopurua ere goraka doa eta Ordizia gehitu zaio Lazkaok eta Beasainek hasitako bideari.Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutirago filosofia oinarri hartuta, nesken futbola indartu eta egonkortu nahi dute Goierrin. Realaren babesa du proiektuak. Honela, klub berriarekin, «antolakuntza indartsuago baten bitartez, nesken taldeen jarraipena eta lehiakortasuna bermatu nahi dira». Izan ere, alebin mailatik hasi eta senior mailako Euskal Ligara arteko taldeak Goierrin bertan izatea ahalbidetu du Goierri Gorrik, etenik gabe, futbolaz gozatu nahi duten neskek eskualdean bertan aukera izanez. Luis Garmendiaren esanetan, nesken futbola indartzeko bide bakarra elkartzea da: «Herri oso handia ez bada, biztanleria handikoa, ezinezkoa da maila guztietako eskailera izatea, eta eskailera ez bada mantentzen, eten egiten da jokalariaren bidea».
Mailaz maila, honela dago banatuta Goierri Gorri: senior mailan, Euskal Ligako eta Lurralde mailako talde bana; jubenil maila; kadete mailan, Ohorezko mailan eta lehenengo mailan bi talde; infantil mailan 3 talde eta alebin mailan beste 3 talde. Era berean, talde guztietan metodologia bakarra erabili eta material, ekonomia eta giza baliabideen optimizazioa lortu nahi dira Goierri Gorrirekin. «Egitura sendotzen bada, emaitza onak emango ditu», gaineratu du. Iaz hasitako ibilbidea aberatsa izan da: «Lehengo urtean oso ondo joan zen dena, eta orain ere, ilusio gehiagorekin, talde gehiagorekin, jokalari gehiagorekin ari gara lanean. Oso aberasgarria ari da izaten esperientzia».