Trotamundos bikoteak 'Kutxa baten istorioak' egingo du, larunbatean, San Gregorion. Igandean, 'Ezberdin bezain eder' antzeztuko dute udaletxean
Mariano Hurtadok eta Nerea Ariznabarreta aktoreek ‘Hurrun bezain eder’ lana aurkeztuko dute.
Aurreko zubi-asteburuko etenaldiaren ondoren, Ataungo Antzeztaun antzerki egitarauak asteburu honetan berrekingo dio martxari. Bi ikuskizun izango dira asteburuan ere, lehendabizikoan (urriak 6-7) bezala. Bat San Gregorioko plazan izango da, eta bestea San Martinen, udaletxeko ganbaran.
Trotamundos konpainiako Mezzotero eta Mansilla.
Zirko ibiltaria da Trotamundos konpainiaren
Kutxa baten istorioak lana. Luciano Mezzotero eta Mailen Mansilla dira aktoreak. San Gregorioko plazan egingo dute ikuskaria, larunbatean 17:00etan. 2015eko azaroan aurkeztu zuten
Kutxa baten istorioak, Bilbon. Konpainia Argentinakoa da berez, 2015eko urtarrilean eratua, Buenos Airesen.
Kutxa baten inguruan gorpuzten dute saioa, 50 bat minutuko iraupenarekin. Ametsak, bidaiazaletasuna eta zirkoan barrena ibiliko dira bi pertsonaiak. Malabareak, gorputzarekin nahiz osagaiekin ariketa zirkutarrak, musika eta pailazogintza uztartzen dituzte. Testurik ez du, musikak hornitua da. Publiko guztientzat da ikusgarria.
Igandean, beste bi aktore
Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado aktoreak ekarriko dituzte, igandean, Ataunera. Haurrentzat zuzenduta,
Ezberdin bezain eder antzerkia egingo dute. Udaletxeko ganbaran da, igandean 17:00etan.
«Ezberdina izatea. Horixe da kontaketa honetan darabilgun gaia. Anitz eta ezberdina dena kuriositatez begiratu, ezagutu eta hurbildu», diote bi aktoreek, sinopsian. Zuzeneko musika izango dute lagun, «emozioak ernatu, ertzak bigundu, begirada zabaldu eta aniztasuna laguntzat hartzeko». Martxoan Ordiziako ikastetxeetan aritu ziren Ariznabarreta eta Hurtado, Ahoz Aho jaialdian.
Antzeztaunek hirugarren eta azken asteburua urriaren 27-28an izango da. Beste bi emankizun antolatu dituzte ordurako. Anodino Teatroak
Erbeste lana jokatuko du, hilaren 27an, ostirala, Artadi elkartean. 28an, Hiru Txilipurditan taldea ariko da.
Posta berria du Antzokiak
Ataungo Herri Antzokiarekin harremanetan jartzeko, posta elektronikoa aldatu dute. Berria
herriantzokia@ataun.eus da, Gmail zerbitzukoaren ordez.