Jentilen inguruan ekitaldi sorta antolatu dute Ataunen azarorako
Jentilbaratza kultur elkarteak bi urtean behin prestatu ohi duen Jentilen Etorrerako antzezlana aurten tokatzen da. Azaroaren 4an izango da, larunbatarekin. Ohi bezala, lehenbizi San Martingo plazan jentilei harrera egingo diete, 18:15ean, kale antzezp...
Jarraian, desfilean Auzoeta kiroldegira joan, eta mitologiaz, ipuinez eta ikuskariz osatutako antzerkia jokatuko dute herritar aktoreek. Bi emanaldi izango dira, 19:00etan eta 21:00etan. Promozio bideoa ekoitzi dute, eta webgunean da ikusgai.
Antzerkirako sarrera doan da, baina txartelak hartu behar dira: aurrez jentilenetorrera.eus webgunean, eta egunean bertan aurrez jarriko dituzten postuetan.
Ipuin eta marrazki deialdia
Mitologiari bereziki eskainitako astea izango da azaroko lehenengoa. Azaroaren 1ean, Santu Guztien jaieguna, Marimunduko pertsonaiak ipuin kontaketa antzeztua egingo du, beste pertsonaia batzuekin, Barandiaran Museoan. Bi saio egingo dituzte, 11:00etan eta 12:30ean.
Jentilen Etorreraren bezperan, azaroaren 3an, III. Jentilen Baratza marrazki lehiaketa ere izango da, Ataunen. LH1etik LH6ra arteko ikasle ataundarrek parte hartu ahalko dute. Herri eskolan da, 16:00etan hasita. Euskal mitologiaren inguruko marrazkiak egin beharko dira.
Bestetik, deialdi berean, ipuin lehiaketak ere abian ditu kultur elkarteak. Bi sail daude: LHn dabiltzanen arloan (12 urtera arte) Ataungo ikasleek parte har dezakete. DBH1 eta DBH2 mailetan, berriz, Goierri osokoek. Urriaren 31 da lanak emateko epea.
Mondeju ikastaroa (urriak 28) eta lehiaketa (azaroak 12) ere antolatu ditu Jentilbaratzak.