Beti Gazte elkarteak seigarren urtez antolatuko du. Etzi egingo dute bilketa, mota bakoitzeko ale pare bat baino ez. Dastaketa bermatzeko Errioxako elkarte baten laguntza izango dute
Legazpin 24 urte dira Asteburu Mikologikoa antolatzen dutela. Beti Gazte elkarteak antolatzen duela, ordea, bost urte dira. Aurtengoa seigarren ekitaldia da Beti Gaztekoentzat eta orain-goan ere perretxikoak modu jasangarrian biltzea eta erakustea izango da asteburuaren ardatzetako bat.
Mendian jasoko dituzten perretxikoetatik ale pare bat baino ez biltzeko gomendioa egin dute eta besteak mendian bertan uztea. Eskaera Aranzadi elkartearen aholkuz egiten dutela adierazi dute Beti Gaztekoek. Erakusketan ere perretxiko mota mugatu egingo dute eta erakusketa mahai zein panel didakti-koekin osatuko dute.
Perretxikoekin zer egin? Erakusketan eta dastaketan perretxikogintzari azpimarra egingo diote. Aurtengoan ere, Errioxako Asochamp elkarteak lagundu egingo die dastaketa bermatuta egon dadin. Izan ere, mendian jasoko dutenaren araberako dastaketa egitea arriskutsua dela iritzita, azken urteetan Errioxako elkartearen laguntza jaso dute legazpiarrek. Iazko moduan, elkarteak perretxikoekin egiteko errezeta liburuxka eramango du erakusketara eta legazpiarrek eskuragarri izango dute.
Asteburuaren egitaraua
Etzi perretxikoak era jasangarrian biltzeko eguna izango da. Goizean bilketa egingo dute eta jasotako aleak Lekanazpi elkartera eramango dituzt; bazkalordua baino lehenago eramateko eskaera egin dute Beti Gazte elkartekoek. Perretxikoen truke salda eta txorizo muturrak emango dituztela ere agindu dute. Arratsaldeko lauetatik aurrera egingo dute sailkapena Aranzadikoen laguntzaz.
Igandean perretxiko erakusketa eta eduki didaktikoak 11:00etatik 15:30era ikusgai egongo dira Azokan. Umeentzako marrazki gunea ere bertan izango da 12:00etatik 13:00etara. Eguerdian dastaketa egingo dute eta urtero bezala Upelgilearen apustu jokoa egingo dute goizean zehar.
Perretxikoak urri eta lehiaketarako ‘selfiak’ ere, urri
Beti Gazte elkartekoek diotenez, aurtengo udazkeneko perretxiko denboraldia ez doa oso ondo. Hala erakusten du, behintzat, Asteburu Mikologikoaren bueltan antolatzen duten selfie argazkien lehiaketara aurkeztutako lan kopuruak. Gutxi dira oraingoz aurreko urteekin alderatuta –urriaren 16an lau ziren argazkiak–.
Perretxiko onekin zein txarrekin argazkiak egin, eta selfie lehiaketara bidali ahal direla zehaztu dute. Zozketa, bestalde, parte hartzaile gutxirekin nahiz askorekin berdin-berdin egingo dutela eta irabazleak Oilarrako hamaiketakoa eramango duela gogoratu dute, «Oilarrako hamaiketakoak ez dira nolanahikoak!».