Ehiza garaiak izaten du oihartzuna Ordiziako azokan ere, eta denboraldiko lehen usoak agertu dira. Barazkietan, aza sasoia bete-betean eta udakoak oraindik ez dira desagertu.
Patxi Arizmendi aramarrak ekarritako aza burua; 6 kilo eta 90 gramoko pisua eman zuen.
Ehiza, zer esan ugari sortzen duen gaia da. Aldekoek diote geroz eta afizio gutxiago dagoela, gazterik ez dela animatzen, hori bukatzera datorrela…; kontrakoek, aldiz, egiten dena egiten dela ere gehiegizkotzat jotzen dute. Kontua da uso pasea hasi orduko horren marka Ordiziako merkatuak ageri izaten duela. Hala, Nafarroan, baita Aizkorri aldean ere, botatzen hasi dira eta Lasaren postuan lehen usoak ikusi genituen atzo, 100 bat pieza aspaldiko prezio berean, hau da, 6 euroan bakoitza.
Ehiza entzun orduko, gizonezkoekin lotzen badugu ere, galdezka hasi eta jakin genuen Ordizian bertan ehizako lizentzia urteetan atera izan duten bi emakumezkoen berri, Segurakoa eta Aramakoa hain zuzen .
Ehizaren aitzakian edo beste, mendi txokoak miatzen ibili ohi da jendea eta horren seinale nonbait atzo eskaintzen zen kategoriko gibel urdina, bertakoa, 30 kilo guztira, kiloa 24 euroan. Esnegorria ere halakoxea zen: 20 kilo, kiloa 18 euroan. Eta beti ere kopuruaren gailurrean, on-ddoa: 300 kilo, «Nafarroatik eta Frantziarik ekarria», kiloa 10 eta 30 euro artean.
Sei kiloko aza burua
Hori bai aza burua, 6 kilo pasa! Patxi Arizmendi Aramako Iturriozkoak ekarri zuen. Hain handia, bere horretan zaila zela saltzea. Baina erditik egin aurretik pisatu egin zuen, eta 6 kilo eta 90 gramo eman zituen behin gaineko hosto itsusienak kendu eta gero. Aza mota hauen sasoi betea da, eta hala iraungo du hurrengo hilabeteetan ere. Brokoli, azalore, romanesko, aza gorri edo lonbarda, eta geroz eta gehiago ikusten den kale aza mota.
Sagarretan ere aukera polita dago eta sagar zaleak hasi dira hemen preziatuena den errezila zuzenean arbolatik hartu eta saltzen, kiloa 3 eta4 euro artean, baina oraindik bizpahiru postuetan besterik ez.
Neguari osasuntsu aurre
Produktuak ez ezik erabilpenari buruzko aholku zehatzak ematen ditu Jon Etxeberria erlezainak neguari osasuntsu aurre egiteko. Gozatu izenarekin eztia ez ezik, gehigarririk gabeko eta eraldatu gabeko erregina jalea eta polen freskoa ditu aukeran, baita propolia ere.