Loinazko barrutian jokatuko da 3. sari nagusia, euskal egutegiko bigarrena. Legazpin bi proba izango dira: ohikoa azaroaren 1ean eta Espainiako Txapelketak urtarrilean
Beasaingo III. Ziklo-Kros Sari Nagusiak irekiko du Goierriko eta Gipuzkoako egutegia, neguko txirrindularitzan, igandean. Guztira lau proba ikusi ahalko dira denboraldi honetan eskualdean: Beasainen, Ormaiztegin urtarrilaren 7an, eta Legazpin bi lasterketa: ohikoa azaroaren 1ean, eta Espainiako Txapelketak urtarrilaren 12tik 14ra.
Euskal egutegiko ziklo-kros proba da Beasaingoa, denboraldiko bigarrena, Urduñako lehengo zapatukoaren ondotik. Beasainen orain arteko data azkarrenean egokitu da (abenduan eta azaroan lehen bi edizioak). «Beste egunik ez zegoen, eta igandean egin nahi genuen» esan du Loinatz elkarte antolatzaileko Xabier Aldanondok.
Aurreko bi urteetako zirkuitu bera atondu dute etziko ziklo-kroserako. 2,6 kilometro pasatxoko zirkuitua da, horietatik 1,7 km zelaian. Belardiak uzten dizkieten Loinatz eta Telleri baserrietakoei eskerrak eman dizkie. Loinatz ermita parean taberna jarriko du elkarteak.
Antzizar pareko aparkalekutik irtengo dira ziklistak, eta Loinazpe institutu parean helmugaratu, atzeko Errekarte kalean.
Ia 300 txirrindulari
Goizeko 10:00etan hasiko da Beasaingo ziklo-krosa, kadete neskekin eta mutilekin. 10:45ean neska eta mutil juniorrak eta eliteko emakumezkoak aterako dira; 11:45ean masterrak; eta 12:45ean eliteko eta 23 urtez azpiko gizonezkoak.
Guztira, maila denetan 250-300 txirrindulari lehiatuko dira. Faborito Aitor Hernandez ermuarra da (iaz 2. eta 2015ean irabazle). Larunbatean, Urduñako estreinako ziklo-krosa irabazi zuen, Javier Ruiz de Larrinagaren aurretik. Joseba Leon, Xabier Murias eta Jokin Alberdi nabarmendu ditu Aldanondok.
Masterretan Oinatz Munduate eta Jon Urteaga idiazabaldarrak dira faborito.
Zirkulazio oharrak zabaldu ditu udalak. Loinatz auzoko bizilagunentzat tarte labur batzuetan soilik irekiko da bidea: 10:35, 11:35 eta 12:40an. Errekarte kalean, San Martingo bidegurutzetik 48 zenbakiraino ezingo da kotxerik aparkatu, larunbatean 09:00etatik.
Espainiakoa, Legazpin
Herenegun sinatu zuten Espainiako Ziklo-Kros Txapelketak Legazpin jokatzeko hitzarmena Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak eta Espainiako Federazioak. Urtarrilaren 12an, 13an eta 14an jokatuko dira estatuko lasterketa gorenak, Urtatzazarreko barrutian. Legazpiko probaren tankerako zirkuitua izango da, «aldaketa txiki batzuekin», atzo elkarteko Enrique Maiztegik baieztatu zuenez.
Azaroaren 1eko Legazpiko Ziklo-Kros Saria ere mantendu dute, euskal egutegikoa. Bi proba antolatuko dituzte aurten.
Parte hartuko duten goierritarrak
Kadeteak: Adur Barandiaran, Edorta Atin, Enekoitz Asparren, Joseba Gorostegi, Joanes Telleria, Lur Zufiria eta Telmo Belamendia
Jubenilak: Aimar Aiestaran, Aitor Garmendia, Arkaitz Sukia, Iker Barandiaran, Jokin Izagirre, Mikel Barandiaran eta Xabi Berasategi.
Afizionatuak-elitea: Jokin Alberdi, Zugaitz Ayuso eta Eduardo Jimenez.
Masterrak: Jon Urteaga, Oinatz Munduate, Arkaitz Arzellus eta Jokin Mujika.