Gaurkoan amorrua, menpekotasuna, kezka, beldurra, inpotentzia, tristezia eta haserrea sentitzen dugu. Beste behin, sistema heteropatriarkalaren alde bortitzena bizi dugu, gure eskualdeko emakumeak erasotuak izan dira, gizon batek erasotu ditu. Erasotu ditu gizona delako eta gizon izate hutsagatik, emakumeak gaizki tratatzeko eskubidea duela uste duelako.
Gaur, inoiz baino gehiago elkarrekin egon behar dugu, elkarren berotasuna eta elkar ahalduntzea behar dugu. Emakume batek salatzen duenean, emakume guztion izenean salatzen du, indarkeria matxista emakume guztiok jasaten dugulako gure bizitzetan zehar. Indarkeria matxista ez da arazo puntual bat, arazo sistematiko bat da eta gizartearen alor guztietan ematen da. Erantzuna ere halakoxea izan behar da.
Honen aurrean, emakumeok dugun aukera ahalduntze feminista da; elkarrekin egin dezakegun ahalduntze prozesu bat, mentala eta gorputzekoa, gure errudun sentimendua uxatuko duena, erasotzailea ulertu nahi izan beharrean, gure burua errespetatzen erakutsiko diguna.
Emakumeok elkar zaindu behar dugu, elkarren konplize izan behar gara. Baina horretarako espazio seguruak behar ditugu, libre eta eroso sentituko garenak sentitzen duguna adierazteko.
Urola Garaiko Koordinadora Feministak espazio hau eskaini nahi die erasotuak izaten ari diren emakume guztiei ahotsa emanez, elkarrekin errazagoa delako. Ahalduntze indibidualetik, ahalduntze kolektibora salto egin nahi dugu eta gure espazio libreak exijitu nahi ditugu, mundu libre bat nahi dugu, erasorik gabekoa, gu geu izateko, askeak izateko, zoriontsu bizitzeko, harreman parekideak izateko … Gure eskubideak elkarrekin defendatuko ditugu. Gurekin harremanetan jarri nahi baduzu idatzi ugkfeminista@gmail.com helbidera eta zurekin harremanetan jarriko gara.
Erasoak salatu eta elkarren artean geldituko ditugu!
Gora borroka feminista!
–Urola Garaiako Koordinadora Feminista (Urretxu)