Goierriko eskualdea sistema energetiko iraunkor baterantz bideratzeko asmoz egin du Goiekik plan berria. Energia azoka egingo dute Ordizian azaroaren 18an
Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2015ean, aurrekontu parte hartzaileen prozesua jarri zuen abian Goierrin. Herritarrek, energiaren aferarekiko duten kezka agerian gelditu zen. Energiaren planifikazio eta kudeaketa publiko baten beharra dagoela argi adierazi zuten. Eredu jasangarriago eta sozialago baterantz joateko beharra jarri zuten, beraz, mahai gainean.
Horren aurrean, Goiekik energia plan berri bat jarriko du abian, «Goierriko eskualdea sistema energetiko iraunkor baterantz bideratzeko», Olaya Mendoza Goiekiko ingurumen saileko teknikariak adierazi duenez.
Goiekik definitutako helburuen artean, «berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak murriztea eta energiaren aurrezpena eta efizientzia bultzatzea daude», Mendozak nabarmendu duenez. Horrez gain, «eskualdeko energia berriztagarrien potentziala aztertzea eta eraginkortasunez bultzatzea, eta pobrezia eta ahultasun energetiko murriztea» ere helburu ditu Goiekik. Azkenik, «Goierriko industria sarean efizientzia energetiko eta aurrezpena ere bultzatu» nahi dituzte.
Ekintza plana
Goiekik ekintza planaren lerroak definituta ditu; «lehen pausoa Goierriko diagnostiko energetikoa egitea izango da»,eta horretarako, egoera energetikoaren eskaria eta eskaintza aztertuko dituzte. Horrez gain, «eskualdeko eremu energetikoan diharduten eragile, ekintza eta ahalmen nagusiak identifikatuko» dituzte iraila eta azaroa bitartean.
Bigarren pausoa, «diagnostiko energetikoan bildutako informazioa oinarri hartuta, Goierriko egoera energetikoa hobetzea helburu duten ekintza zehatzak planteatuko» direla zehaztu du Mendozak. Plan horren barruan, «energiaren alorrean dauden lehentasunak definitu eta ekintzen zehaztasunak ere eskainiko dituzte.
Kultura energetiko berria zabaltzeko azoka Ordizian
Goierritarren artean «kultura energetiko berria zabaldu eta aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan inplikatzeko helburuarekin», energia azoka eta tailer desberdinak antolatuko ditu Goiekik hurrengo hilabeteetarako. Goierri beheko udalerri guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak izango dira.
Eguzki energia termikoa eta fotoboltaikoaz, biomasa galdarez, zoru radianteaz, argiteria eraginkorraz, ibilgailu elektrikoez eta termografiaren inguruan ezagutza hartu eta partekatzeko balioko du azokak. Usurbilgo Lanbide Eskolako teknikoek ere azalpenak emango dituzte. Haurren txokoa ere egongo da.
Lehenengo azoka energetiko hori Ordizian egingo da azaroaren 18an, larunbat goizez, 10:30etik 14:30era bitartean.