Agirre etxea jatetxea kudeatzen duen Janet Cartayak hartu du Topa taberna. Aurreko igandetik ari dira lanean, baina inaugurazioa azaroaren 10ean egingo duela iragarri du
Ezkioko eskola txikiaren azpiko taberna kudeaketa Janet Cartayari esleitu dio Ezkioko Udalak. Lehen Topa izenez ezagutzen zen, eta Cartayak Goza jarri dio. Aurreko igandean ireki zuten eta astelehenean eskolako haurrei bazkaltzen eman zieten. Izan ere, tabernak eskolako jangelaren ardura dauka.
Cartaya ezaguna da Ezkion berak Agirreberri etxea jatetxea kudeatzen duelako. Taberna hartzera animatzearen zergatiaz galdetuta, Cartayak honakoa erantzun du: «Nik taberna hau begiz jota nuen sukaldaria naizelako eta haurren mundua gustuko dudalako». Ezkioko eskola txikian eskaintzen den bazkaria ez da nolanahikoa, hain zuzen, Bertatik Bertarako produktuekin lanean aritzeko betebeharra dauka tabernak.
Ezkioko eskola txikia 2015eko ikasturtean hasi zen eraikin berrian eta jangelarena «esperientzia pilotua» dela esan du Josi Etxezarreta Ezkioko alkateak. Izan ere, Bertatik Bertarako produktuak halako gune batean erabili daitezkeenaren froga da. Egun, Goza tabernak Ezkioko eskola txikiko jangelan bazkaltzen geratzen diren 20 haurrei jaten ematen die. Tabernak beste baldintza bat bete behar du; hain zuzen, bazkalorduan jangelako beharrak lehenetsi behar dituela esan du alkateak.
Goza tabernaren ordutegia zein den zehaztu du Cartayak: «Gozieko zazpietan ireki eta gaueko bederatziak eta erdian itxiko dugu astean zehar. Asteburuetan ordutegia zabalagoa izango da». Gauetan plater konbinatuak eta ogitartekoak eskainiko dituzte, besteak beste.
Inaugurazio ofiziala azaroko bigarren ostiralean, hilaren 10ean, egiteko asmoa duela aurreratu du. «Ordurako martxan izango gara eta ezkiotarrekin irekiera ospatuko dugu». Inaugurazio ekitaldia 19:00etan da.