Parte hartze bidezko aurrekontuen atalerako hamalau proiektu aukeratu dituzte. Lau aurreko urtekoak dira, beste hamar berriak. Legazpiarrek sei aukeratu beharko dituzte
Latxartegiko parke txikia hobetzeko proiektua da bozkatu daitezkenetako bat.
Irailean Legazpiko Udalak abiatutako prozesua bozketa fasean sartu da. Astelehenean parte hartze bidezko aurrekontuen atalean sartzeko proiektuei botoa emateko epea zabalduko du udalak. Hamalau proiekturen artean bozkatu beharko da eta horietatik sei bozkatuenak burutzeko konpromisoa hartuko du udalak guztira 300.000 euroko inbertsioa eginda; 50.000 euro proiektu bakoitzeko.
Bozketa fasea astelehenean ireki, eta azaroaren 15era arte zabalik egongo da. Bozkatzeko inprimakia Legazpiko udaletxeko harreran hartu daiteke eta bertako postontzian utzi. Internet bidez ere egin daiteke bozketa. Koldobike Olabide alkateak legazpiarrei botoa ematerakoan proiektu guztien artean bi aukeratzeko eskatu die, «bati bi puntu eman eta besteari bat. Egoki egitea garrantzitsua da botoak zenbatu ahal izateko».
Orain arteko prozesuan 71 legazpiarrek parte hartu dute. 36 proposamen aurkeztu dituzte eta horietatik bat iazko proiektu batekin bat zetorrenez kendu egin dute. Proposamenen ebaloaketa teknikoa egin ondoren hamar proiektu aukeratu dituzte eta haiei iazko lau batu dizkiete.
10 proiektu berriak
· Arantzazu. Goi tentsioko kableak lurperatzea eta urbanizazioa bukatzea.
· Domingo Agirre ikastetxea. Pilotalekuko goialdea ixtea eta zorua hobetzea.
· Domingo Agirre plaza. Konponketa orokorrak.
· Latxartegi. Latxartegiko haur parke txikia konpontzea.
· Plazaola kalea. Hondatuta dauden kaleko guneak asfaltatzea.
· San Inazio. 6 bis ataritik 14ra arte espaloiak hobetzea eta arrapalak egitea.
· San Jose. Urbanizatzeko 1. fasea.
· San Juan. 12-14 espaloiak konpontzea.
· Telleriarte. Plaza konpontzeko 1. fasea.
· Urtatzahar. Parkea birmoldatzea.