Jose Mari Urtzelairi olerkia
GUTUNA – Andondi Salamero (Zumarraga)
Durangon jaio, Legazpin bizi, lanean jardun jo ta su, hamaika berri zuk han-hemenka, gogotsu eman dituzu, langile fina, adore, grina, ekinean, beti, maisu, idaztearen ariketari ez zenion izan izu. Makina gertaeren haria jarraitzen zenuen aise, jakinminaren harrak hartuta, barrua izanik gose, historiaren lurra ereinez, arituz urtetan luze, egiaren arrastoak berak utzi arte, barnez ase. Samina dugun agur honexek kolpatzen gaitu garrazki, nahiezak, ene! gure bihotza suminduz etengabeki, aldarte onez geuk nahi genuke ahal den moduan, egoki, zuk ereindako lur samurrean ildo berri bat ireki. Hala dagigun, gure ekinez nagikeriaz haraindi, herri ekintzan, geuk herrigintza bultzatu zeuk bezain garbi, hitzak zuretzat asko leudeke, goraipamenak ugari, bat, esan nahi dut: ESKERRIK ASKO, Urtzelai-tar Joxe Mari.
– Andondi Salamero (Zumarraga)