Jende gutxixeago izan da, asteartea ez baitu bere feria eguna Ordiziak, baina lore zaleentzat egokia gertatu da. Garai batean Arimen Gaua ospatzeko ohitura gogora ekarri du kuia aukerak.
Hilerriak apaintzearen ohiturak bizirik dirauela nabarmen zuen atzo- ko feriak, izan ere enkarguak banatzeko baliatu baitzen atzo Ordiziako plaza. Geroz eta gehiago jotzen da azken urteetan lore biziak jartzera, bere horretan edo propio prestatutako zentroak aukeratuz. Loreekin lotutako lanbidea dutenentzat urteko egunik lanpetuenak hauexek izan ohi dira; aurten, gainera, dena azken momentuan izan dela aipatzen zigun Aramako Maria Dolores Mendizabalek: «Etxekoena ez ezik, lagunena… denen beharra izaten da egun hauetan».
Bart Arimen Gaua izan da. Gaur egungo gehienontzat harrigarria bada ere, 1950eko hamarkadara arte, gutxienez, gure herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen: gazte kuadrillak elkartu, kalabazak (edo arbiak) hustu, kandelak sartu barruan, kalerik kale ibili beste batzuk beldurtuz… eta guztia ere heriotzarekin estuki lotutako giroan (arimak, fantasmak, hildakoak…). Izara eta maindirez mozorrotzen ziren
ganberroen ipuinak jasota daude
Ahotsak webgunean. Gaur egungo Halloween komertzialaren ikuspegitik urrun, hala ere, zegoenari irudimenez etekina ateraz alegia. Izan ere, arbi eta kalabaza sasoi bete-betean gaude, bazka ez ezik jolas bihurtzeraino. Edurne Jauregik Baliarraindik kuia aukera aparta erakutsi du. Denak ere Curcubita familiakoak baldin badira ere, jatekoen eta hornitzekoen arteko diferentzia egiten da nagusiki. Izan ere, mota askotakoak baitaude. Izenak zuzen jakitea ez da beti erraza, «Ruperta, Tronpeta, Kakahuetea, Gernika, Udare… esaten diegu» zioen Jauregik, eta izen zientifikoarekin parekatzea ez da begi bistakoa. Prezioari dagokionez, kiloa 2 euroan.
Sasoiko eskaintza
Sasoi betean daude, baita ere, aza, brokolia, azaloreak… neurri askotakoak, burua handitzen doakien neurrian baita prezioa ere 1 eta 3,5 euro artean. Barazki berriak ere poliki-poliki sartzen ari dira;
Pak choi edota kale azak esate baterako, edota koloretako azalorea. Horiei buruzko jakin-mina pizten ari da, nahiz eta bat-batean erostera ez den jendea erraz animatzen.
Hemengo frutei dagokionez, mizpirak jateko puntuan daude (3-4 euroan kiloa), hurra, sagar dezente, kiwiak hasi berriak, intxaur berria 4-5 euroan kiloa. Zaharrak ere badaude oraindik eta prezio erdian lor daitezke. Ezti mota berri bat ere bai, larre eta txilar lorez egina Gozatu eztiaren postuan.
Urria joan da, aitzakiarik gabe joan da eguraldiari dagokionez, mahaiz mahai dagoen eskaintza horren lekuko. Azaroak emango duena kontatzen hasiko gara datorren astean.