Soil Koncept proiektuaren barruan, bidaiatzeko modu errespetagarriagoa eta askeagoa sortu nahi dute. Proiektua aurrera eramateko, crowfunding kanpaina dute abian.
Bidaiatzeko modu arin eta as- keago baten bila ari dira Irati eta Gorane Mendizabal ahizpa goierritarrak eta arkitektoak ere badirenak. Esperientzia fresko, bizi eta jatorragoa izateko asmoarekin ari dira lanean. Eta hori da hain zuzen, Soil Koncept-ek esan nahi duena.
Bidaiatzeko karabana bat sortzeko helburua dute eta beren proiektua aurrera eraman ahal izateko, crowfunding kanpaina bat jarri dute abian. Kanpainaren lehenengo faseko helburua beteta, bigarren fasean sartuta daude bete-betean.
Zer da Soil Koncept?
Irati Mendizabal: Soil Koncept, hasiera batean, kontzeptu orokor batekin sortzen da; mini-moaren kontzeptua eta oinarrizko esperientziak bilatzea da. Jasangarritasun kutsua ere badu eta gure bizitzaren hainbat alorretan filosofia hori aplikatzea da Soil Koncept-aren helburu nagusietako bat.
Momentuz bidaiekin hasi gara, hasteko modu polita iruditzen zaigulako eta kontzeptutik abiatuta, mikro-karabana bat egingo dugu. Karabana horrek, kontzeptu horiek guztiak ikasteko balioko digu.
Gorane Mendizabal: Karabana horrek, gauza horiek guztiak esperimentatzeko balioko digu beraz, eta ondoren, norberak erabakiko du hori den nahi duena edo ez, nora joan nahi duen eta zenbat egun, besteak beste.
Karabana prest dago?
I. M.: Oraingoz, diseinu fasea bukatu dugu eta crowfunding kanpaina bat jarri dugu abian, prototipoa edota lehenengo karabana eraiki ahal izateko, materialak erosi eta guztia aurrera eraman ahal izateko.
Nolatan sartu zarete horrelako proiektu batean?
G. M.: Aitortu behar dugu, nahi gabe izan dela. Arkitektoak gara eta asko bidaiatu dugu. Bidaiatzeko modu askeagoa dugu gustuko eta horregatik dator mikro-karabana bat egiteko ideia.
I.M.: Lana eta afizioa uztartuz sartu gara proiektu honetan. Bidaiatzeko beharrezko espazio minimo baten bila hasi ginen ariketa honetan. Denbora askoan galdetu diogu elkarri, nolakoa izango ote zen karabana perfektoa.
Karabanan bidaiatzekoak al zarete?
G. M.: Karabanan baino, autokarabanan eta furgonetan, eta horregatik, karabana perfektoa nolakoa izan behar duen behin baino gehiagotan hitzegin dugu.
I. M.:Horrez gain, aurrezteko modua ere bada. Gaur-gaurkoz karabanarekin kotxea ere behar dugulako, eta furgoneta edota autokarabanarekin egunero-egunero ibili behar izatea, arazo bat da. Horregatik uste dugu mikro-karabana aukera polita dela, besteak beste kontsumoa eta gordetzeko behar den tokia murrizten delako.
Eta hori guztia aurrera eramateko jarri duzue martxan crowfunding kanpaina.
G. M: Hori da. Foru Aldundiaren Goteo kanpainaren bidez, gure proiektua aurrera eramateko diru bilketa daukagu martxan. Lehenengo faseko helburuetara iritsita, bigarren fasean sartu berri gara.
Zenbat diru behar duzue lehenengo mikro-karabana eraiki ahal izateko?
I. M.: 4.000 eta 8.000 euro bitarte beharko ditugu. Momentuz 7.400 bat euro ditugu bilduta eta orain beste 30 bat egun ditugu aurretik, diru bilketarekin jarraitzeko.
G. M.: Puntu honetara iritsita, kopuru hoberenera iristea dugu orain helburu, hau da, 16.000 eurora. Aterata ditugun kalkuluen arabera, hortik %40 komisioak ordaintzeko izango da izango da eta gainontzeko 8.000 euroekin, posible izango dugu mikro-karabana eraikitzea. Geroz eta gehiago lortu, ekipamentu hobea izango du: eguzki plakak, autonomia, ur instalazioa, gasaren instalazioa, sukaldetxoa, komuna eta beharrezko kontsideratu ditugun beste hainbat gauza.
Eta hori guztia nola sartzen da mikrokarabana batean?
I. M.: Mikro-karabanak itxita ondorengo neurriak izango ditu: 1,5 metro luze, 1,75 metro zabaleran eta kotxe baten altuera. Barruan, puzzle baten moduan egongo da guztia, itxita dagoen bitartean. Irekita, altueran bi metro eta luzeran bikoitza hartuko ditu. Beraz, barruan egon ahal izateko espazio nahikoa egongo da. Eta irekitzeko sistema mekanikoa izango da.
Zer da orain eskatzen duzuena?
I. M.: Gure proiektuarekin aurrera jarraitzeko jendearen babesa da gehien nahiko genukeena.