Kataluniako Sant Vicenç dels Horts herriko ordezkaritza bat etorriko da. Larunbatean mahai-ingurua egingo dute, eta igandean kalejira eta kantu bazkaria
«Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko» esaerari helduta, kantu bazkaria egingo du igandean Gure Esku Dagok, Beasaingo Gernika pasealekuko pilotalekuan, «Kataluniari elkartasuna adierazteko modurik onena, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde» egitea delako. «Irribarre batekin ahoan, Kataluniari eta gure etorkizunari bai esango diegu kantatuz».
Igandeko ekitaldian, Sant Viçenc dels Horts herriko (Oriol Junquerasen herria) hainbat herritar bertan izango dira. Giza katearen egunean ziren etortzekoak, baina Kataluniako gertakariak zirela eta, ezin izan zuten orduan etorri.
Kataluniako ordezkari politikoen hitzaldia
Bazkaria igandean bada ere, bezperatik hasiko dira Kataluniarekin lotutako ekitaldiak. Larunbatean, 19:00etan, plaza azpian hitzaldia egingo dute Kataluniatik etorritako lau militante politikok. Anna Arcos (ANC), Ferran Alegre (ERC), Roger Badosa eta Laia Torras (CUP) izango dira hizlari.
Igandean, 12:00etan kalejira herrikoia egingo dute Igartzatik Goierriko kantariek eta trikitilariek; eta 14:30ean kantu bazkaria Angel Mariezkurrenarekin. Iker Markinez sukaldariak prestatuko du bazkaria. Txartelak salgai daude Antzizarren, Arranon, Basakanan eta Batzokin; helduenak 15 euroan eta umeenak 8 euroan.