Gai organikoaren eta pixoihalen bilketa osagarria jarriko du asteburuetarako. San Joan egoitzak bilketa puntua berrantolatuko du. Gai organikoa herrian tratatu nahi dute
Segurako Udalak
Eta zuk zer diozu? parte hartze prozesua egin du hondakinen gaian adostasunerako herri hausnarketa egiteko helburuarekin. Herritarren kezkak eta ekarpenak jaso ondoren, ekarpenak ebaluatu eta hobekuntzak gauzatzen hasteko garaia da orain. 371 herritarrek hartu dute parte prozesuan, eta 171 ekarpen egin dituzte. Eñaut Telleriak eta Eluska Gerrikok hondakinen gaian egingo dituzten hiru hobekuntza aurkeztu zituzten prentsaren aurrean; astea bukatzerako, segurarrek etxean jasoko dute hobekuntzen informazio zehatza, hiru liburuxkak osatutako karpetan.
Gai organikoaren eta pixoihalen bilketa osagarria da lehenengo hobekuntza. Gerrikoren esanetan, «osagarria izango da; hau da, astean zehar, orain arte bezala jarraituko dugu hondakinak ateratzen, baina herritarrek hala eskatuta, asteburuetan ere bilketa egiteko, Sasietarekin adostutako bost puntutan edukiontzi marroia (organikoarentzat) eta grisa (pixoihalentzat) jarriko ditugu».Organikoaren edukiontzia irekitzeko, organikoaren poltsak ateratzeko erabiltzen den txartela erabiliko da; grisa irekitzeko, berriz, «behar duenak, eskaera egin beharko du».
Bigarren neurria, San Joan egoitzako bilketa puntua berrantolatzea izango da. «Gaur egungo egoera kaskarra da, irekita dago, nahiko narratsa. Beraz, itxi egingo da egoitzakoek bakarrik erabiltzeko. Gaur egun, sortzaile bereziek ere jotzen dute horra, baina beste puntu batzuk ere jarriko direnez, beraiekin landuko da lehengo tokira eramaten jarraitu nahi duten edo leku berrira eraman nahi duten».
Hirugarrena, luzera begira
Bi hobekuntza horiek 2018a hasterako gauzatuko badituzte ere, hirugarrenak, hiri hondakinen gai organikoaren bilketa eta tokiko tratamenduaren ezarpena, epe luzeagoko helburua da. Gerrikoren esanetan, hobekuntza neurri horren helburua, «organikoa herrian bildu eta herrian tratatzea da. Honekin zer lortuko genuke? Bilketa eta tratamendu kostuak merketzea eta lan ordu batzuk sortzea». Horretarako hiru lan lerro zehaztu dituzte: batetik, auzo konposta bultzatzea; bestetik, material lehorra herrian izatea, «herrian sortzen ditugun kimaketekin eta bermatzea»; eta hirugarrena, «tratatzeko eta konposta sortzeko planta bat sortzea».