Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktorea, Zaldibiako lagunekin abesten. Arg,. Izan Kantuz
“Erronka handia zen baina lortu dugu. Bai horixe! 26 ordu, 500 kantu eta 1.000 parte-hartzaile baino gehiago! Bejondeigula!”. Horiek dira Izan Kantuz herri erronkaren antolatzaileek plazaratu dituzten lehen hitzak. 26 orduz etenik gabe euskaraz abesteko erronka ofiziala da, eta Official World Record erakundeak ziurtatu du dagoeneko. Bukaera hunkigarria izan du ekitaldiak, Kataluniari keinu eginez, Agure Zaharra abestu baitute Zaldibian antzokian bildutako guztiek. Eta Euskal Herriko herri guztiei ere deia, anima daitezela erronka hau gainditzera. “Gustura emango diegu lekukoa”.
Izan Kantuz taldeak nabarmendu du herri erronka bat proposatu zutela, herriak bere egin duela, eta euskarazko kantuek ez dutela etenik izan 26 orduan. “Belaunaldien arteko transmisioa eta euskarazko kantagintza oinarri hartuta, herri oso bat kantuan jartzea lortu dugu. Herri nortasunaren eramaile izan da kantagintza Euskal Herrian, eta XXI. mendean, osagai horiek guztiak berreskuratu eta etorkizunari begira jartzea lortu dugu. Herri bezala ditugun erronkei aurre egin ahal izateko baldintzak sortzeko balio izatea espero dugu ekimen honek”.
Sei hilabeteko lana bai, nekea ere bai, baina ahaleginak merezi izan duela adierazi dute antolatzaileek bukaera ekitaldian. “Pozik gaude, oso gainera. Nabarmendu nahi genuke herritar askok, bakoitzak bere eremuan, egin duen lanari esker gauzatu ahal izan dela herri erronka hau. Balorazioa bikaina da, ederra, gogobeteta gaude egindakoarekin”.
Official World Record elkartearen onespena
Lorpena behar bezala erregistratua gera dadin, Official World Record elkartearen onespena behar zen, eta onespena jaso du. Honakoa adierazi du David Ventura elkarteko kideak antzokian bildutako guztien aurrean. “Official World Recorden izaeraren parte da horrelako aldarrikapenei bide ematea, kasu honetan euskarari, eta horrenbestez, zuon guztion aurrean egiaztatzen dut errekorra lortu dela, aurrez ezarritako baldintza guztiak bete baitira”. Venturak antolatzaileak zoriondu ditu herri erronka garatu den moduarengatik, eta bi egunotan egin zaion harrerarengatik. “Plazera izan da. Eman didazuen tratua eskertu nahi dizuet. Eskerrik asko”.
Adin guztietako jendeak parte hartu du 26 orduz Izan Kantuz herri erronkan –azaroaren 10eko 18:00etatik azaroaren 11ko 20:00etara-, eta antolatzaileek esker hitzak izan dituzte denentzako. “Lehenik eta behin, zorionak Zaldibiako herriari eta zaldibitar guztiei. Zuek gabe ezinezkoa izango zen herri erronka hau gauzatzea. Gure eskerrik beroena azken 26 orduetan bisitatu gaituzuen guztioi ere. Bereziki, txalo bero bat Ordizia, Beasain, Zarautz, Plentzia eta Andoaindik etorritako kantuzaleentzat”.
Lekukoa emateko prest
Erronkak iraun duen bitartean, hainbat pertsonaia ezagun ere pasatu dira Zaldibiako antzokiko oholtzatik: Jose Mari Agirretxe Porrotx, Maider Zabalegi, Mikel Markez, Zuriñe Hidalgo, Jon Urdangarin, Aitziber Garmendia eta Iker Galartza, eta Xabier Saldias eta haren taldekideak, besteak beste. “Zuei ere eskerrak, erronka hau lau haizetara zabaltzen laguntzeagatik”. Babesle eta laguntzaile guztiei ere eskerrak eman dizkiete antolatzaileek, eta gogoratu dute, erronka finantzatzeko atera diren errifen zenbaki sarituak Izan Kantuzen webgunea kontsulta daitezkeela.
Antzokia bete-bete eginda zegoela,
Agure zaharra abestia kantatuz amaitu da Izan Kantuz erronka, Kataluniako herriari babes eta elkartasun keinua eginez. Zaldibiak erronkak lortu du, eta Euskal Herri osoari ere dei egin dio, 26 orduz erronka gainditzera animatuz. Bitartean, Zaldibian bertan geratuko da Xanti Ormaetxeak egindako lekukoa.