Gaur arratsaldean egingo dute lehen bilera informatiboa euskaraz. Hiritarrek etorkizuneko hirigintzaren diseinuari buruz duten ikuspegia «oso garrantzitsua» dela deritzo udalak
Martxan da pasa den astetik
Ordizia denon artean, Ordiziaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakinaren part -hartze prozesua. Urtarrilaren 15era bitarte zabalik egongo den erakusketarekin batera hasi da prozesua, eta bilera informatibo eta tailerrekin osatuko da. Lehenengo bilera informatiboa gaur egingo dute.
Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak eta Pilar Amenabar udal arkitektoak, «parte hartze prozesuaren fase honen garrantzia handia» nabarmendu dute. Euren iritziz, «oso garrantzitsua da Ordiziako herritarrek aurrera begirako hirigintzaren diseinuari buruzko ikuspegia ematea, proiektuan txertazea ahalbidetzen duelako».
Bileren garrantzia
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Ordiziaren hirigintza antolatzen eta planifikatzen duen dokumentua izanik, «herritar guztiak parte hartze prozesuan kolaboratzera animatu» nahi ditu udalak. Gaur bertan hasiko diren informazio bileretan, «planaren aurrerapenaren edukia» azalduko dela argitu du Santamariak. Gaurko saioa, euskaraz izango da; bigarrena, berriz, hilaren 23an egingo dute eta gazteleraz izango da.
Hiru lantegi
Informazio bilerez aparte, lantegiak ere antolatu dituzte. Hilaren 29an izango da lehena; lurralde eredua eta hirigintza plangintzaren inguruko aukera eta proposamen orokorra dira jorratuko dituzten gaiak. Abenduaren 12an egingo dute bigarren lantegia. Etxebizitza, ekonomia jarduerak, katalogatutako hirigintza ondarea eta hornidurak izango dira landuko dituzten gaiak. Azkenik, abenduaren 19an egingo dute hirugarren lantegia. Mugikortasuna, irisgarritasuna, zerbitzu azpiegiturak, natura eta landa eremua eta baldintzatzaile gainjarriak izango dira hizpide. Udaletxeko areto nagusian izango dira, 18:30etik 20:30era.
Parte hartzeko interesa duten herritarrek aldez aurretik izena eman beharko dute
idazkaritza@ordizia.eus e-postara idatzita, 943 80 56 52 telefonora deituta edota arreta bulegoan.