Urretxuko Udalak hondakinak ondo sailkatzeko hiztegia banatu du
600 hondakin baino gehiago zein edukiontzitara bota behar diren zehazten du. Gaikako bilketa %49tik %75era pasa da urtebetean eta udalak %80ra iritsi nahi duUrretxuko Udalak Hondakinak sailkatzeko hiztegia banatu du herriko etxe guztietan. Bertan 600 h...
600 hondakin baino gehiago zein edukiontzitara bota behar diren zehazten du. Gaikako bilketa %49tik %75era pasa da urtebetean eta udalak %80ra iritsi nahi du
Urretxuko Udalak Hondakinak sailkatzeko hiztegia banatu du herriko etxe guztietan. Bertan 600 hondakin baino gehiago ageri dira, alfabeto ordenean. Helburua herritarrei hondakinak sailkatzen laguntzea eta, hala, gaikako bilketaren datuak hobetzea.Udalak 3.400 kopia argitaratu ditu eta udaletxean eta kultur etxean ere eskura daitezke. Urretxuko Udalaren webgunean ere aurki daiteke, PDF formatuan.
Duela urtebete, Urretxuko Udalak edukiontzi berdea kendu eta bere ordez grisa jarri zuen. Ordutik, gaikako bilketa %47tik %75era pasa da. Udalak emaitza «ona» dela uste du, baina datuak hobetu nahi ditu; horretarako aipatutako hiztegia argitaratu du.
Gida honetan urretxuarrek hondakin bakoitza nola kudeatu behar duten kontsultatu dezakete. Zalantzak argitzeko orduan lagungarria da. Izan ere, hondakin bakoitzaren ondoan zein edukiontzitan bota behar den edo Garbigunera eraman behar den azaltzen du. Batzuk dendara itzuli daitezke: sakelako telefonoak, betaurrekoak, ordenagailuak eta botikak, adibidez.
Hiztegi hau Arrasaten argitaratu zuten bilketa sistema aldatu zutenean. «Sasietari hemen ere banatzea proposatu genion, baina ez zuen beharrezko ikusi. Sasietak argitaratu zuena oso sinplea zen eta guk zabalagoa behar zela uste genuen. Jendeari lana ahalik eta gehien erraztu behar zaio», aipatu du Igor Zubillaga zinegotziak.
Hiztegiaren laguntzarekin, gaikako bilketaren portzenta-jeak gora egitea espero du. «Datuak hobetu egin dira, baina gehiago hobetu nahi ditugu. Errefusa gutxitu behar da eta hiztegia lagungarria izango dela uste dugu. Azken urtebetean oso ondo bat lortu dugu eta bikain bat lortu nahi dugu. Horretarako gaikako bilketa %80ra iritsi behar da».
Bilketa puntuak
Udalak, hiztegia argitaratzeaz gain, sei bilketa puntutan aldaketak egin ditu: Mundo Mejorren, Ipeñarrietan, Pagoetan, Kalerrotan, Labeaga 66an eta Barrenkalen.
Azken aldaketa Barrenkalekoa izan da. Edukiontziak San Martin auzotik Barrenkalera eraman dituzte: estali berri duten parkearen ondoan jarri dituzte. Segurtasuna handitzeko egin dute. Izan ere, udaltzainek eta Sasieta mankomunitateak edukiontziak tokiz aldatzea gomendatu zuten: kamioiek maniobrak egin behar zituzten bilketa puntura gerturatzeko eta gainontzeko autoak eta oinezkoak arriskutan jartzen zituzten.