Ekimena, 0 eta 3 urte bitarteko haur eta gurasoei zuzenduta dago. Bi saio egingo dira, azaroaren 21ean eta 28an. Hiri Hezitzailea programaren barruan antolatu dute jarduera didaktiko hau
Ordiziako liburutegian,
Liburu baby kluba egitasmoa aurkeztu dute aste honetan. Ordizian, lehenengo aldiz jarriko dute martxan. 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Ordizia Hiri Hezitzailea programaren barruan garatzen da eta udal liburutegiak sustatzen du.
Liburu baby kluba egitas-moan, umeak heldu batekin egongo dira eta azken honek ere jardueran parte hartuko du. Ardatz nagusia, eta abiapuntua, liburua da eta helburu nagusia, umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da. Egitasmo berri hau, kulturanitza da, horregatik, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez garatuko da.
Bi saio hurrengo asteetan
Liburu baby klubak bi saio egingo ditu hurrengo asteetan: hilaren 21ean 17:15ean, eta hilaren 28an, 10:30ean. Iraupenari dagokionez, 60 minutuko saioak dira.
Ana Molina egitasmo berriaren koordinatzailea da eta berak argitu bezala, Ordiziako liburutegian egingo diren saioetan parte hartzeko «izena ematea ez da beharrezkoa izango». Saioa baino pixka bat lehenago liburutegian agertzearekin nahikoa izango da beraz.
Herritarrengan harrera ona izaten badu, «aurrerago saio gehiago» antolatuko direla jakinarazi zuen Aranburuk, «kulturaren aldeko apustu oso garrantzitsua baita Ordiziako Udalarentzat».
Ikasi eta partekatu
Hiri Hezitzailearen helburu etengabea «ikasi, trukatu eta partekatzea» dela adierazi zuen Joseba Aranburuk, Ordiziako udaleko zinegotziak. Hortaz, «Ordiziako biztanleen bizitza aberastea eta nagusiki, haur eta gazteak heziko dituen ekimenak bultzatzea da» udalak lortu nahi duena.
Liburu baby kluba ekimena «Hiri Hezitzailearen printzipioen barruan» kokatzen dela nabarmendu zuen Aranburuk.
Hala nola, egitasmo horrekin «aniztasunean oinarritutako hezkuntza» sustatuko duela jakinarazi zuen Aranburuk, «ulergarritasuna, nazioarteko lankidetza solidarioa edota familiei zuzendutako prestakuntzaren bidez», hain zuzen ere.