Energia iraunkorrerako ekintza planaren barruan energia azoka egin dute
Herritarrek energia iturri berri eta garbiak, eta kontsumo eraginkorreko teknologikoak ezagutzea da azokaren helburua. Kaleko argitariaren auditoria energetikoa landu du udalakGoierrin energia plan berria jarriko dute martxan laster eta horren barruan,...
Herritarrek energia iturri berri eta garbiak, eta kontsumo eraginkorreko teknologikoak ezagutzea da azokaren helburua. Kaleko argitariaren auditoria energetikoa landu du udalak
Goierrin energia plan berria jarriko dute martxan laster eta horren barruan, energia azoka egin zuten larunbatean Ordiziako Plaza Nagusian. Azokaren helburua jendeak energia iturri berri eta garbiak, eta kontsumo eraginkorreko teknologiak ezagutzea da, modu horretan, haien erabilera sustatuz. Goieki garapen agentziak, Ordiziako Udalak eta Usurbilgo Lanbide Eskolak lankidetzan antolatutako ekimena da.Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidrauliko sailak, Usurbilgo Lanbide Eskolak eta Zubigune Fundazioak, energia eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera ardatz izanik, 2015. urtetik akordio bat dute. Horren barruan, horien inguruko sentsibilizazio, informazio eta prestakuntza ekintza desberdinak antolatu dituzte, eta horien artean dago, larunbatean Ordizian egindako azoka.
Ekintza plana prest
Ordiziako energia iraunkorrerako ekintza plana eta Ordiziako kaleko argiteriaren auditoria energetikoa landu ditu udalak 2017an. Aldaketa klimatikoaren aurrean, «udala arazoari aurre egiteko ekimenak lantzen ari» dela adierazi du Joseba Aranburu Ordiziako Udaleko zinegotziak, «isurpenak gutxitu, bizi kalitatea hobetu eta udalerriko hainbat sektoreei arazoaz kontzientziatzeko helburuarekin». Aranburuk jakinarazi duenez, «2020. urterako, Ordiziako CO2 isurketak, %20 gutxitu behar edo nahi dira».
Era berean, planaren helburu nagusia 2025. urterako energiaren kontsumoa % 25 gutxitzea dela aurreratu du Aranburuk, eta horretarako, hainbat gairen inguruko lanketa egin du Ordiziako Udalak. 2011-2015 urte bitarteko berotegi efektuko gasen isurpen iturriak eta kontsumoak eta berotegi efektuko gasen isurpen altuak identifikatuko dituzte, eta energia kontsumo handiak dituzten sektore nagusiak zehaztu dituzte. Horiek murrizteko beharreko esparru nagusiak bistaratu dira.
Bestalde, berotegi efektuko gasak gutxitzeko asmoz, ekintzak zehaztu dira. Ekintza planaren betetze maila ere ebaluatuko da, adierazle desberdinen kalkuluaren bidez. Plana bera, prozesu demokratiko eta gardena izateko, parte hartze ibilbide bat ere egongo da eta plana zabaltze aldera, komunikazio ekintzak definituta dituzte.
Azkenik, «Ordiziako kaleko argiteriaren 30 kuadro elektriko aztertu» direla adierazi du Araburuk, «1.467 argi puntu guztira». Horren bitartez, «kaleko argiteria optimizatzea eta efizientzia energetiko handiagoa» lortu nahi ditu udalak.