Kilometroak eta zubiak
2018ko Kilometroak festa Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatuko du. Leloa, logoa, helburuak, arropa eta webgunea aurkeztu dituzte jada. Lema 'Zubiak batuz' da. Bi herri horietan asko dakite zubi kontuez.Kilometroak 2018 festa Urretxu eta Zumarragan osp...
2018ko Kilometroak festa Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatuko du. Leloa, logoa, helburuak, arropa eta webgunea aurkeztu dituzte jada. Lema ‘Zubiak batuz’ da. Bi herri horietan asko dakite zubi kontuez.
Kilometroak 2018 festa Urretxu eta Zumarragan ospatuko da, urriaren 7an. Dagoeneko aurkeztu dituzte leloa, logoa, arropa, kilometroak.eus webgunea eta helburuak .Lema Zubiak batuz da, eta Gorka Ojanguren ikasle ohiak egin du. Zubiak ezinbestekoak dira, eta Urretxu eta Zumarragan eraikin hauetan adituak dira. Izan ere, bi herriak itsatsita daude eta Urola ibaiak bakarrik banantzen ditu. Garai batean herrien arteko elkarlana asko ere txikiagoa zen. Egun handiagoa da eta ibaiaren alde batetik bestera eraiki ziren zubiek horretan zeresana izan dute, ziur.
Zenbat eta zubi gehiago hobe, eta Urretxu-Zumarraga Ikastolak ere zubiak eraiki nahi ditu gizarte hobeago bat lortzeko.
Logoari dagokionez, meccano haur jolas ezaguneko piezak ekartzen ditu gogora. Horiek elkartuz K18 osatzen da. Piezek Urretxu eta Zumarragako zirkuitua, bidegorria, erreka eta zubia irudikatzen dituzte, leloari erreferentzia eginez. Mikel Ruiz ikastolako ikasle ohia da egilea.
Arropa-denda Zumarragako Euskadi plazan ireki dute. Astelehenetik ostiralera arratsaldez irekiko dute, eta larunbatetan goizez. Gainera, herrietako ekitaldietan postua jarriko dute. Asteburuan Tolosako Babarrunaren Festan eta Gabiriako Errezil Sagar Egunean egon ziren eta igande honetan Usurbilgo Erle Azokan eta Donostiako maratoian egongo dira.
Helburuei dagokienez, konfiantza, harremanak, auzolana, parekidetasuna, aniztasuna, euskara… bultzatu nahi dituzte. «Kontzeptu sendoak dira, bi herrien arteko zubiak bezalakoak». aipatu dute. Helburu sendoek zubi sendoak behar dituzte.
Aurkezpen ekitaldia
Leloa, logotipoa, webgunea, helburuak eta arropa ostiral iluntzean aurkeztu zituzten, ekitaldi ibiltari batean. Kilometroen ardura ikastolarena bada ere, bi herrietara zabaldu nahi dute. Horregatik aurkeztu zuten kalean.
Ikuskizunaren ardatza ipuin bat izan zen. Iñaki Aranburuk eta Josune Mujikak egin zituzten narratzaile lanak, azken horrek zeinu hizkuntzan.
Aurkezpen ekitaldia lizeoko patioan hasi zen, dantzarien, txalapartarien, trikitilariaren eta ikastolako abesbatzaren saioarekin. Handik, bi herrietako batukada buru, Urretxu eta Zumarraga batzen dituen zubira joan ziren. Bertan, Andoni Salamerok olerki bat irakurri zuen.
Argiñe Artolazabal ikastolako lehendakariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Itziar Agirre Urretxuko zinegotziak (alkatea kanpoan zen) ere hitz batzuk esan zituzten.
Ondoren, parte hartzaileak eta ikusleak bi herriak batzen dituen zubitik Zumarragako Euskadi plazara joan ziren, batukadak gidatuta. Bertan, oholtza eta pantaila erraldoi bat zituzten zain. Pantailan 1985eko eta 2002ko Kilometroak festetako irudiak eskaini zituzten. 1985ean eta 2002an ikastolako lehendakari zirenak, Patxi Bastida eta Maria Luisa Mujika, oholtzara igo ziren. Gainera, Uxue Fernandez eta Mikel Iturriotz bertsolariek bertso batzuk abestu zituzten eta Goiargi abesbatzak Txoria txori abestu zuen.
Ikuskizunean parte hartu zutenek ibilbidean zehar jasotako koloretako egur zatiak oholtzara igo zituzten. Bertan, pieza horiekin, logoa muntatu zuten. Egurrezko pieza handi horiek Mikel Ibarzabal artisauak egin ditu.
Ekitaldian Kilometroak 2018 festako arropa ere aurkeztu zuten. Modeloek izarren pare desfilatu zuten, alfonbra gorri baten gainean. Jarraian, ehundik gora lagunek flashmoba egin zuten, Euskaraz bizi nahi dut abestiaren erritmora. Pantaila erraldoian jarritako atzera kontuak eman zion amaiera ekitaldiari eta hasiera ofiziala jaiari.